Gure Esku Dago mugimenduak hautetsontzi erraldoia osatuko du gaur Anoetan, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko.

Anoetako Gure Esku Dago mugimenduaren jaialdia musika giroarekin hasi da. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Danbor hotsen artean iritsi da eguna;
Gure Esku Dago mugimenduak erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du gaur, eta horretarako
Anoetara bertaratutako milaka herritarrek
hautetsontzi erraldoia osatuko dute gaur arratsaldeko ekitaldian oihalekin. Horrela, hurrengo pausoa emateko prest agertu dira Gure Esku Dago jaialdiko antolatzaile eta parte hartzaileak.
Iazko ekainaren 8an Durango eta Iruñea batu zituen giza-katea gogora ekarrita, gaur hautetsontzi erraldoiak izango dira erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapenaren irudi nagusia. Horrela, Donostian, Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Baionan jai eguna izan da gaurkoa,
Gaurko hautentsontzia, biharko erabakia lelopean.
Donostiako jaiaren gune nagusia Anoeta estadioa da, eta bertan
32.000 lagunentzako lekua egin dute. Ekitaldia 17:30etan hasi da, eta goizean sei zubietan zabaldu dituzten oihalekin hautetsontzi erraldoia osatuko dute. Horrela, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen duen
oihal katea hautetsontzi bihurtuko da.
Aparteko ikuskizuna izango da Anoetakoa; sarrera erosi eta bertaratutako herritarrekin batera izan dira 3.000 antolatzaile, eta festa giroa sortzen arduratuko dira
mila bat danborrari, dantzari, erraldoi eta bestelako parte hartzaile. Hautetsontzia osatu ondoren,
mosaikoa osatuko dute harmailetan, horretarako ikusleek kartulinak erabilita. Aurkezle lanetan arituko dira Anjel Alkain, Iker Amonarriz, Edurne Garmendia, Joseina Etxeberria eta Arritxu Iribar.
Festa aurrera doa
Jauzi handia izan da gaurko eguna
Gure Esku Dago mugimenduarentzat, duela urtebete jaiotako proiektuari jarraipena eman baitio gaurko jaialdiarekin. Hain zuzen ere, egun osoko festa izan da, eta hiri guztian zehar antolatu dituzte jarduerak.
Anoetako jai erraldoia amaituta, oraindik festarako giroa izango da inguruan,
Estadio txikian kontzertuak antolatu baitituzte 00:00ak arte, eta bertan joko dute Lain, RatZinger, Eratu, Arkada Social, Tajo Prieto y Los Kuajalotes, Su Ta Gar, Ze Esatek!, Skakeitan eta Stepi Slektah Reggae Dancehall.

Anoeta gainezka dago Gure Esku Dago jaialdian parte hartzeko prest. (Argazkia: Nerea Lizarralde)