Oihalekin kateak egin dituzte Urumeako sei zubietan, Gure Esku Dago egun osoko jaialdiari hasiera emanez.

Donostiako sei zubiak koloretako oihalez bete dira. (Argazkia: Larraitz Amezaga)
Zabaldu dituzte oihalak Donostian; gaur 12:00etan,
Gaurko hautetsontzia biharko erabakia lelopean, Urumea zeharkatzen duten sei zubietan bildu dira herritarrak, erabakitzeko eskubidea zabaldutako oihalekin aldarrikatzeko; ordu erdiko irudi horrekin,
Gure Esku Dago egun osoko jaialdiari hasiera eman diote. Guztira 2,5 metroko 2.000 oihalekin osatu dituzte kate erraldoiak zubietan, eta festa giroak hartu du hiria, herritarren artean kateak osatzen joan den bitartean.
Gipuzkoa osoko
25.000 lagun bildu dira zubietan, eta
donostiarrak Kursaal eta Maria Kristina zubietan izan dira.

Erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute. (Argazkia: Eli Urrutikoetxea)
Ondoren, zubiz zubi, Lasarte, Hernani, Oarsoaldea, Urola Kosta, Debagoiena, Tolosaldea, Debabarrena, Goierri eta Bidasoako herritarrak bildu dira. Horrela,
5.000 metroko oihal katea egitea lortu dute denen artean. Gure Esku Dago mugimenduak 11:30erako egin du zubietan elkartzeko deia, eguerdirako dena prest egon zedin. Katea osatu eta oihalak zabaltzean, agerian gelditu dira azken hilabeteetan herriz herri eta auzoz auzo ehundutako oihaletan herritarrek idatzitako lelo eta aldarrikapenak, iaz egindako giza katea gogora ekarriz.
Oihalez osatutako kateak herritarren arteko batasuna islatzen du, baina egunaren hasiera besterik ez da izan; kateatutako oihalak sortuta,
zubirik zubi kalejira egingo dute herriarrek Anoetaraino, bertan izango baita jaiaren helmuga. Horrela, zubi bakoitzean festa giroa alaitzen joan dira: Zurriolan txistulariak, Santa Katalinan elektrotxarangak, Maria Kristinan trikitilariak, Mundaizen batukadak, Agirre Lehendakarian txarangak eta Realaren zubian dultzainero eta gaiteroak.
Donostian 60.000 lagun espero dituzte gaur, eta Gure Esku Dago mugimenduak 3.000 laguntzaile mobilizatuko ditu. Besteak beste, horietatik 800 oihal bobinen ardura hartu dituzte, eta haiek izan dira bobinak zubietan zabaltzen ibili direnak. Oihal festa amaituta, bobinak jaso, eta
Anoetara eramango dituzte kalejiran, hautetsontzi erraldoia herritarren milaka leloekin osatzeko.
Egun osoko festa auzoetan
Oihalak jostearekin batera,
hiriko auzoetan festa giroa nagusitu da; hala, Parte Zaharrean Kalez kale kantu jira antolatu dute 12:30etan, kaskarinak eta Donostiako txistulariekin batera. Bulebarrean ere herri dantzak egin dituzte.
Anoeta ez dute irekiko 16:30ak arte, eta bitartean inguruko guneak irekita egongo dira; bertan, jateko eta edateko aukera zabala aurkituko dute bertaratutakoek, hala nola, sagardo dastaketa, txekor errea, taloak, kaxuelitak, eta bestelako edariak.
Miniestadio inguruan ere ogitartekoak eta edariak banatuko dituzte, eta goizetik martxan egon den Kontzertu Maratoiaz gozatzeko aukera izango da gaueko azken orduak arte.
Illunben berriz, familietzako gunea antolatu du Gure Esku Dagok; 12:30etan ekingo diote
Ilunbe izarrez argitu ikuskizunari, eta ikusgai izango dira Irrien lagunak, gipuzkoako pailazoak, suhiltzaileak eta Gu eta gutarrak, besteak beste.