San Nahi’D Egunaren kartela.
“Nahi dutena” egitera doaz Amarako gazteak. Larunbatean San Nahi’D eguna ospatuko dute Easo plazan, ekainaren bukaeran antolatzen duten egun osoko jaia. “Nahi dutena” egiteko eguna dela diote, baina jaialdiaren esanahia eta helburua, izenaz haratago doa. Jai ofizialen mugetatik atera eta auzotarren parte-hartzea bermatuko duen aisialdi eredu batera jauzia eman nahi dute. Horretarako, aurrez bildu, erabakiak hartu, ardurak banatu eta lanari ekiten diogu, urtero egitarau txukun bat sortu eta dena ondo atera dadin.
Finean, beste aisialdi eremu parekide eta herrikoi baten beharra aldarrikatzen dute urtero San Nahi’D Eguna jaian. Goizean, 11:00etan hasiko dute ospakizuna, ginkana eta herri azoka batekin. Ondoren, Ebamirentxu poteoa eta bazkari herrikoia egingo dute. Bazkalostean, kafe musikatua, eta arratsaldean, sagardo eta txorizo dastaketa bertsolariek girotuta. Gauean, 21:00etan kontzertuak hasiko dira Easo plazan, Soundkapja, Ezustean eta DJ Keko ariko dira zuzenean.