
Donosti Cup futbol txapelketaren arduradunak eta udal ordezkariak, udaletxeko alderdi ederreko terrazan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Uda sasoiarekin batera iristen da urtero
Donosti Cup futbol txapelketa eta 2015eko ekitaldia iristear da. Nazioarteko hainbat jokalari gaztetxo biltzen ditu urtero txapelketak, eta uztailaren 5etik 11ra jokatuko dute aurtengoa. Beste behin ere partaidetza marka hautsiko du Donosti Cupek, izan ere,
440 taldek eman dute izena aurtengo txapelketarako. Hala, hirugarren urtez jarraian, 400 talde baino gehiago arituko dira nor baino nor Donostialdeko hainbat zelaitan, Europako udako bosgarren txapelketa handiena bihurtuz. Giza alderdia lantzen du Donosti Cupek urtero, eta aurten ere
baliabiderik gabeko bi talde gonbidatu ditu
Donosti Cup in the world programaren bidez: Yenineko errefuxiatu kanpamenduko neska talde bat eta Mozambikeko umezurtz etxe bateko mutil talde bat.
Guztira, ia mundu osoko
7.840 jokalari izango ditu txapelketak, eta Euskal Herria, Frantzia, Ameriketako Estatu Batuak eta Mexiko izango dira talde gehien ekarriko dituzten herrialdeak. Gainera, mutilen mailan, Paris Saint-Germain klubeko talde jubenilak ere parte hartuko du lehen aldiz; eta emakumeetan, Espainiako Superligako Rayo Vallecano eta maila igoera lortu berri duen Oiartzun ere baloiari ostikoka arituko dira.
Integrazioaren Aldeko Txapelketa ere antolatu du Donosti Cupek, Atzegi eta Adecco Fundazioaren laguntzarekin, elbarritasunak dituzten haurrei begira. Loiolako Erriberako Soccer World kirol gunean jokatuko dituzte partidak, uztailaren 7an, 19:00etan.
Hasierako ekitaldia, Anoetan
Txapelketaren inaugazio ekitaldi ofiziala uztailaren 6an egingo dute, 22:00etan, Anoeta estadioan. Sarrerek 3 euroko prezioa izango dute helduentzako, eta doakoa izango da 12 urtetik beherako haurrentzat. Urtero legez, ekitaldiaren ardatza taldeen desfilea izango da, eta horren inguruan, dantzak, agurrak, musika eta su artifizialak eskainiko dituzte.