Emakumezkoen VII. Triatloia eta Onditz Oroituz 30. Nazioarteko Triatloia jokatuko dituzte larunbatean eta igandean, hurrenez hurren
Donostiako Atletikoko arduradunak, babesleak eta Martin Ibabe Kirol zinegotzia. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Emakumezkoen VII. Triatloia eta Onditz Oroituz 30. Nazioarteko Triatloia jokoan egongo dira larunbatean eta igandean, hurrenez hurren. Donostiako Atletikok antolatu ditu bi lehiak eta aurkezpen ofiziala egin du, udaletxean. “Emakumezkoen Triatloia Onditzerako tranpolin bat izatea nahi dugu. Aurten, 250 partaideetara iristea espero dugu. Emakumeen parte hartzea bultzatzea eta triatloian murgiltzea da helburua”, aipatu du Donostiako Atletikoko Edurne Martinez de Treviñok. Distantzia motzeko lehia izango da larunbatekoa, 300 metro igerian, 8 kilometro bizikletan eta 2 kilometro korrika; igandekoa, ordea, distantzia olinpikoko proba izango da, 1.500 metro igerian, 40 kilometro bizikletan eta 10 kilometro korrika. Horrela, urtez urte, badira proba errazean hasi eta nazioarteko proba prestatzera igaro diren emakumeak; aurten, esaterako, Onditzen 100 emakumek parte hartuko dute.
Nazioarteko probari dagokionean, Kanadatik eta Australiatik puntako kirolariak etorriko direla esan dute aurkezpenean. Gainera, Gipuzkoako eta Euskadiko triatloi txapelketa izango da aldi berean nazioartekoa. Hala, partaide euskaldunetan, gizonezkoetan, Unanue zarauztarra eta Peru Alfaro hernaniarra lehenengoen artean egotea espero dute, eta emakumeetan, Ibone Sanchez espero dute aurrean.