EAJ-PSE-EE: «Hiri anitz baten aldeko apustua»
Metroa, AHTa, Donostia 2016, Tabakalera, Altzako barrutia, Igeldoko Udal Auzoa, Anoeta estadioa eta Monpaseko pasabidea daude EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernuaren lehentasunen artean.
HITZARMENA Hiri proiektuak: Donostia 2016. 2016 Fundazioaren lidergotik eta 2016 Bulegoan zein Patronatuan dauden beste erakundeekin batera «elkarlanean jardungo dugu berriz ere hiritarren inplikazioa proiektuan lortzeko». Hiriburutzaren «dimentsio europarra indartu behar dugu nazio zein nazioarteko foro edo beharrezkoak diren guneetan ezagutzera emanez; euskal enpresak proiektuan inplikatzea eta bisitariak eta turistak jasotzeko hiria prestatzea premiazkoak diren gaien artean daude». Tabakalera eta ingurua. Tabakalerak «proiektu kultural berritzailea izan behar du, bertako sortzaile eta komunitate artistikoa indartzeko, ikus-entzunezko eta arlo teknologikoan zein bere nazioarteko konexioan, ekipamenduekin elkarlaneko sareak indartuz eta munduko beste kultur fabrikekin harremana sortuz». Egitasmoa abian ipintzearekin batera, «Egia auzoan, Cristina-Enean, Mundaiz inguruan eta Atotxako zein autobus geltokian hiri-eraldaketa zabal eta sakon bat ekarri behar du berarekin». Udal arlo «handi bat». Bertako ekonomia suspertzeko «esfortzuak, baliabideak eta neurri eraginkorrak bateratzea da gure helburua, duinak eta kalitatezkoak diren enplegu berriak sortuz, horrela inbertitzeko, negozio bat irekitzeko, denda bat ezartzeko, jarduera ekonomiko berritzaile bat martxan jartzeko edo eta ikertzeko Donostia aktibo eta erakargarri bat lortuko litzateke. Horretarako, suspertze ekonomikorako udal arlo handi bat eratuko dugu estrategia bateratu bat ezarriz, hemen, arlo honekin zerikusia duten arlo anitzak eta erakundeak bateratuz». Ekonomia. Miramongo Teknologia parkearen garapena bultzatzeko «Eusko Jaurlaritzarekin elkarlana berrezarriko dugu Parkeko eta Udaletxeko jarduera osagarriak izan daitezen, baita ere Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera sustapen ekonomikorako planak garatzeko, bai Donostia mailan bai Gipuzkoa mailan ere». Eskuzaitzetako enpresaldearen garapenari ekin, «Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean». Erdialdeko ingurune urbanoetan «enpresa-proiektu berrientzat espazioak sortzea (coworking, inkubagailuak) erabilera gabe dauden edo eta publikoak diren lokaletan, auzo guztietan dauden gune degradatuen berreskuratze urbanistiko planaren barruan». Merkataritza, Ostalaritza eta Turismo zinegotzigoen sorrera ere aurreikusi dute, baita Modaren Clusterra eratzea ere. Sagues «berria». Hiru elementuren beharra ikusten dute Saguesen: «Hotel ekipamendu estrategikoa», «Sagues eta Monpas bitarteko oinezkoentzako pasagunea» eta «Sagueseko gunearen berpiztea». Donostialdeko Metroa. Metroaren «garapena eta hiri erdigunetik igarotzen den pasantearen eraikuntza bultzatuko dugu». Lugaritzetik Loiola bitarteko pasantearen lanak eta urbanizazioa zehaztuko dituzte, «Unibertsitate, Kontxa-Erdigunea eta Easo-Morlanseko geltoki berriak kontuan hartuta». Eusko Jaurlaritza eta ADIFekin batera «Loiolako Erriberetako Euskotren-Renfe tren-aldatzailearen eraikuntza hitzartuko dugu, Gipuzkoako trenbide sarearekin bat egiteko gakoa den proiektua Donostiako konexio maparen barruan». Donostialdeko Metroko pasante berriak «Easo geltokian dauden trenbide lerroek hartzen duten lurzoru zati handi baten libratzea ekarriko du, modu honetan, Euskotren Geltokian hirirako eremu berriak ahalbidetuko dira». Karlos I.aren hiribidea. Gipuzkoako Foru Aldundiari hitzarmen bat proposatuko diote, «Martuteneko bi mailatako biribilgunea eta Marrutxipiko lotura egin ostean, eta honen eraikuntzaren ardura hartu dezan lan egin ondoren», Karlos I.aren hiribidea «osotasunean hiribide urbano bihurtzeko». Pio XII.ean dagoen Gobernuaren Ordezkariordetzaren eraikina «hirirako berreskuratzea dugu helburu administrazio zentralarekin negoziatu ondoren. Honek, Amara Berri auzoko kultur etxe berria jasoko luke gune hiritar eta kultural bat bezala. Horrela, Anoetan dagoen Ernest Lluch Kultur Etxea bertara aldatuko litzateke, eta, aldi berean, eraikin honek Amarako barrutiaren egoitza hartuko luke». Etxebizitza. «Txomin-Enea, Julimasene, Jolastokieta, Etxegi, Ilarra eta Portutxon aurreikusita dauden etxebizitza garapenaren lehen eta bigarren fasearekin batera, hirian, Mundaiz eta Infierno bezala, degradatuak dauden guneak biziberritzeko lanak burutuko ditugu». Loiolako kuarteletako lur eremua «berreskuratzea posible egingo duen negoziaketa bati ekingo diogu Defentsa Ministerioarekin batera». Gazte eta adinekoentzako «alokairu etxebizitzak bultzatuko ditugu Ategorrietan (Uliako Haztegiak), Larratxoko Iralen (Eusko Jaurlaritzarekin negoziaketa eskatzen du honek) eta Amara kalean (Poliziak dituen etxeen berreskurapena negoziatuz)». Hiri «garbi» bat. Donostia «erreferentziazko hiri bilakatu behar da berriz ere kale, hondartza, hiri-altzari, lorategi eta parkeen garbiketan eta mantenuan. Hiriko garbiketa zerbitzua eta mantenu lanak areagotzeko konpromisoa hartzen dugu». Donostia «abegikor» bat. «Pertsona eta kolektibo ahulenen giza-bazterketa eta desoreka sozialak ekiditeko eta murrizteko udal laguntza eta gizarte politikak mantenduko ditugu». Hirugarren Sektoreko Institutua «martxan jartzearen alde lan egingo dugu, Hirugarren Sektoreko eragile, erakunde, elkarte eta GKEentzako baliabide koordinazio, politika trukatze, zerbitzu eta gogoetarako topagunea sortuz». Zahartze Aktibo batean murgiltzera bideratuak dauden pertsona helduentzako «arreta politikak garatuko ditugu». Planteamendu honen barruan «irisgarritasun bertikala, igogailuz eta eskailera mekanikoz, hobetzeko lanak aurreikusten dira Aiete, Egia, Larratxo eta Amara Zaharrean». Erretiratuen Etxeetan «hobekuntza eta berritze lanak eta hesi arkitektonikoen ezabaketa gune publikoetan» ere jaso dute hitzarmenean. Bakea eta elkarbizitza. Giza eskubide eta bitartekotzaren alorrean «erreferente bilakatuko dugu Aieteko Jauregia, Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera hitzarmen bat sinatuz alor hauetan adituak diren irakasle zein ikerlariekin batera elkarlanean jarduteko». Altza. Hiriko lehen barrutia Altzakoa izango da. Igeldo. Igeldoko Udal Auzoaren aldeko apustua egingo dute, «Foru Aldundiak agindutako banaketa dekretuaren inguruan epaitegiak behin betiko adierazpen bat gauzatzen duenean». Kultur eta Kirol Kontseiluak. Hiriko arlo desberdinetan lan egiten duten hiri eragile eta elkarteak, «modu partekatu eta aktibo batean, hiriko politiken diseinuan eta erabakiak hartzean inplikatu daitezen lortu nahi dugu. Horretarako, bi Kontseilu berri eratzea eta hauetan parte hartzea ezinbestekoa dela ulertzen dugu: Kultur Kontseilua eta Kirol Kontseilua». Kirol instalazioak. Altzako kiroldegi berriaren eraikuntza «lehenetsiko dugu, gimnasia erritmikoari eta waterpoloari zuzendutako guneekin; baita ere aparkamendu plaza berriekin». Udal Kirol instalakuntzen «berritze eta hobekuntza plan bat» bultzatuko dute. «Anoetako kirol instalazioek aurkezten duten egoera zaharkitua ikusita eta gune honen erabilera optimizatzeko helburuarekin, Anoetako estadioaren eta estadio txikiaren birmoldaketa bultzatuko dugu». Uholdeak. Eusko Jaurlaritzako URA sailarekin elkarlana eta erakundeen arteko akordioak «bultzatu eta indartuko ditugu, lehenbailehen, Urumea ibaiaren lerro guztian eta bereziki Martuteneko inguruan uholdeak ekiditeko eta planean onarturik dauden obretan modu azkar batean jarduteko». Arteleku eraikinaren azken erabilera «Foru Aldundiarekin batera negoziatzearen aldeko apustua egiten dugu, urbanizazio berrian izango duen papera eta bestelako erabilerak (kirola, kultura…) zehaztuz». Bestalde, «Urumea ibaiaren uholdeak eta ur goraldiak eragiten dituen pilatutako lokatza eta hondarraren garbiketa bat egitea proposatzen dugu». Mugikortasuna. Oinezkoentzako gune berriak ahalbidetuko dituzte, alokairu bizikleten udal zerbitzua zabalduko dute eta hiriko gune altuetan dauden auzoetako Dbus zerbitzua hobetuko dute, beti ere hitzarmenaren arabera. Gazteak. Zeharkako gazte politikak martxan jartzea «lehentasunezko» helburu izango dute. Alokairu etxebizitzak eskainiko dituzte Ategorrietan (Uliako hazitegiak), Iralen (Larratxon) eta Amaran. Ondarea. Bellas Artes eraikinari erabilera ematearen alde egingo dute, «ezarriak dauden babes baldintzak errespetatuz, beti ere erabilera eta aukera guztiak aztertuz, kulturala ere». Parte Zaharra eta Kaiari babes bat ematea beharrezkoa dela uste dute. Azkenik, «Urgull mendiaren balio historikoa babestea ere gure apustuetako bat da».