Igeldo eta Altzaren txanda izango da asteburuan, Antigua, Herrera eta Amara Berriko Ikasbidek egindako festen ondoren; igeldotarrek ostiralean botako dute txupina; altzatarrek, larunbatean.

Amara Berriko Ikasbidek antolatutako jaiak. (Argazkia: Ikasbide Kultur Elkartea)
Auzoko jaiek ez dute etenik.
Antiguan, Herreran eta Amara Berrin izan dute zer ospatu egunotan, azken honetan Ikasbidek antolatutako jaiak zirela eta.
Igeldo eta Altzaren txanda izango da orain, San Pedro eta San Martzial jaien etorrerarekin.
Igeldon ostiralean hasiko dira, haurrei eskainitako egitarau zabal batekin. Goizean, 10:30ean,
Ttonttorro Txiki igoko dute festetako taula gainera. Ondoren etxez etxe eta baserriz baserri joango dira haurrak, altxorraren bila. Arratsaldean jaiak hasiko dituzte ofizialki, 19:15ean, jaietako ikur den Ttonttorro astoaren igoerarekin, eta txupina piztuko dute. Duela bost urte berreskuratu zuten ohitura hau. Jai batzordearen izen bera du astoak.
Gauean, 22:00etan, Igeldoko kuadrillek altxorraren bila jokoan parte hartuko dute. Kontzertuak 23:30ean hasiko dira.
Ze Esatek! eta Blaka taldeak ariko dira zuzenean.
Larunbata eguerdian, herri bazkaria egingo dute. Bertso saio batekin gozatzeko aukera ere izango dute igeldotarrek, 20:00etan.
Jesus Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi ariko dira bertsotan. Igeldoko Euskara Batzordeko kideak ariko dira gai jartzaile lanetan. Gau luzea izango dute aurretik, Triki Ta Ke eta Ingo Al Deu taldeekin. Igande goiza ondo hasteko baratxuri zopa goxo bat hartuko dute parrandazaleek. Patata tortilla onena nork egiten duen jakiteko ordua iritsiko da, 13:30ean.
Astelehenean jaien egun handia ospatuko dute, San Pedro Eguna. Itsas Aurrera joaten diren igeldotar guztientzako hamaiketakoa egingo dute, 11:30ean. Ondoren, herri kirolen ohiko ikuskizuna helduko da. Olasagasti eta Etxebeste, Jauregi eta Cañaresen kontra ariko dira. Joseba Ostolaza harri jasotzaileak ere parte hartuko du.
Igeldotarrek bi eguneko atsedena hartuko dute, hurrengo osteguna arte, uztailak 2.
Santa Isabel Eguna ospatuko dute orduan.
Udaletxeko balkoitik
Joan den larunbatean
San Martzial jaietako egitarauaren berri eman zuten Altzan; trikitixaz lagundutako erromeria egin zuten baserriz baserri. Eta hala da, ate joka datoz festak. Bihar piztuko dute txupina, 18:30ean, antzinako Altzako udaletxeko balkoitik. Bandera igo eta pregoia irakurriko dute.
Larunbatean Gazte Eguna izango da, eta herri bazkaria egingo dute frontoian. Ondoren, kuadrillen arteko olinpiadak egingo dituzte San Martzial plazan. Igandean, frontoian pilota partidak jokatuko dituzte Saralegik, Kokak, Olaizolak eta Otxandorenak.
San Martzial eguna, asteartea, Altzako Deun Gorenaren omenezko meza nagusiarekin hasiko dute. Frontoian hainbat jolas prestatuko dituzte, eta plaza Gorrian zirko munduan murgilduko dira Humor Gestual ikuskizunarekin. Iluntzean, sardina jana prestatuko dute bertara joaten diren herritar guztientzako.
Ostegunean ospatuko dute jaietako azken eguna, Santa Isabel eguna. Sagardo lehiaketa egingo dute Martutene eta Astigarragako hainbat sagardoegilerekin. Nao Etxeak taloak salduko ditu, sagardoz lagundurik. Eguerdian, 12:30ean, udal probalekuan idi probak hasiko dira.
Jon Maia eta Sebastian Lizaso, 13:30ean eta 19:00etan, ariko dira bertsotan San Martzial plazan. Azken bertso saioaren ondoren, bandera jaitsiko dute balkoitik, eta festei agur esango diete.
Intxaur Jaiak ospatuko dituzte Sagastiederren
Kaldero Jaun jaiek agur esan zuten iaz, jai batzordeak bere ibilbidearen amaiera iragarri eta gero. Bada,
Intxaurrondon “bizipoza” mantentzeko asmoz,
Intxaur Jaiak sortu dituzte. Ostiralean, larunbatean eta igandean ospatuko dituzte, Sagastieder plazan.
“Jai herrikoi, euskaldun, parekide eta parte hartzaileak dira”, azaldu du Traganarrua kofradiak. Hain justu, elkarte honen bultzadaz sortu dira, Intxaurrondoko zenbait eragile eta norbanakoren laguntzarekin. Haur jolasak, mus txapelketa, kontzertuak, herri bazkaria, koadrillen olinpiadak… egitarau mamitsua osatu dute.