(Argazkia: E. Zabala)
Joan den larunbatean San Martzial jaietako egitarauaren berri eman zuten, trikitixaz lagundutako erromeria egin zuten baserriz baserri. Izan ere, ate joka datoz festak. Larunbatean piztuko dute txupina, 18:30ean, antzinako Altzako udaletxeko balkoitik.
Bandera igo eta pregoia irakurriko dute. Larunbatean Gazte Eguna izango da Altzan, eta herri bazkaria egingo dute frontoian. Ondoren, kuadrillen arteko olinpiadak egingo dituzte San Martzial plazan. Arratsaldean Altzako kaskoko kaleetan zehar ibiliko dira buruhandiak eta erraldoiak, trikitixaz alaiturik. Ondoren, elektro txarangarekin kalejira egingo dute. Gauean, Taupada taldeak batukada erritmoan girotuko ditu kaleak, eta 23:00etan kontzertuak izango dira Altzako kaskoan.
Igandean altzatarrek aktore izateko aukera izango dute, antzerkiari eskainiko baitiote goiza udaletxeko plazan. El pirata garrapata antzerkia eta tailerra egingo dute. Frontoian
pilota partidak jokatuko dituzte
Saralegik,
Kokak,
Olaizolak eta
Otxandorenak. Altzako elizan jubilatuen abesbatza ariko da kantuan, eguerdian. Arratsaldean, frontoian sagardo dastaketa egingo dute, 18:30ean, trikitixaz alaituta. Igandea alai amaitzeko karaokea egingo dute auzotar guztiek batera abestu eta dantzatzeko.
San Pedro egunean, astelehenean, haurrentzako bolo txapelketa eta toka txapelketa egingo dituzte. Gauean, danborrada irtengo da kalera, Pasai txarangarekin batera. Gauerdian, udaletxeko plazan, danborradako partaideek, ikusleen eta Pasai txarangaren laguntzaz,
San Martzial ereserkia abestuko dute. Ondoren, Altzatarra kirol elkarteko ereserkia joko dute. Juan Inazio Ansorenak konposatu zuen ereserkia.
San Martzial eguna, asteartea, Altzako Deun Gorenaren omenezko meza nagusiarekin hasiko dute. Frontoian hainbat jolas prestatuko dituzte, eta plaza Gorrian zirko munduan murgilduko dira
Humor Gestual ikuskizunarekin. Iluntzean, sardina jana prestatutko dute bertara joaten diren herritar guztientzako.
Asteazkenean
umeen eta jubilatuen eguna ospatuko dute. San Martzial plaza haur parke bihurtuko dute: zezen mekanikoa, gaztelu puzgarria, bideo jokoak, tailerrak… Arratsaldean, leku berean, adin guztietarako apar festa egingo dute, 18:00etan. Indarrak hartzeko, txokolate jana prestatuko dute frontoian. Eta eguna bukatzeko, Haru diskoteka, altzatar guztiek dantza egin dezaten.
Ostegunean ospatuko dute jaietako azken eguna,
Santa Ixabel eguna. Sagardo lehiaketa egingo dute Martutene eta Astigarragako hainbat sagardotegilerekin. Nao Etxeak taloak salduko ditu, sagardoz lagundurik. Eguerdian, 12:30ean, udal probalekuan
idi probak hasiko dira.
Jon Maia eta Sebastian Lizaso eguerdian 13:30ean, eta 19:00etan ariko dira bertsotan San Martzial plazan. Azken bertso saioaren ondoren, bandera jaitsiko dute balkoitik, eta festei agur esango diete.