Jaialdiaren 50. ekitaldiak musikari gazteen partehartzea izango duela nabarmendu du Miguel Martin zuzendariak
Jazzaldiko arduradunak eta babesleak, San Telmo Museoan egin duten aurkezpenean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Benny Golson musikari estatubatuarrak jasoko du aurten Donostia Jazzaldia Saria. “Seguraski publiko zabalaren artean kantu ezagun gehien dituen musikaria izango da, jazz talde handientzat sortutakoak. The Jazztet eta the Jazz Messengers taldeak oinarrizkoak izan dira jazzaren historian, eta egun jazzaren munduan dabiltzan talde guztientzat. Beraz, Benny Golsonek zalantzarik gabe merezi du Donostia Jazzaldia Saria”, aipatu du Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariak. Izan ere, gaur egin dute Jazzaldiaren aurkezpen ofiziala, San Telmo Museoan, eta pozik agertu da Martin mende erdia beteko duen jaialdia aurkezten. “Golsonen laukoteak aurtengo Jazzaldian uztailaren 24an joko du, 18:30ean, Kursaaleko Auditorioan”, gehitu du Martinek; hain zuzen ere, 86 urterekin zapalduko du Kursaaleko eszenatokia saxofoi-jotzaile eta konpositoreak. Gainera, 50. ekitaldiak, zalantzarik gabe, bi helburu nagusi izango dituela azpimarratu du Martinek: “Batetik, publikoarekin bat egitea, urteurrena publiko askorekin ospatzea. Badaude hurbilketa horretan lagunduko diguten abeslariak, eta esklusiban Jammie Cullumek emango dituen hiru kontzertuak, seguraski, udako jazz programazioko erakargarri handienetakoa izango dira. Gainera, jazz instrumentaleko ordezkaritza zabala izango dugu eta jazz garaikidea ere bai”. Guztia borobilduz, honela definitu du aurtengo Jazzaldia Martinek: “Berria, gaztea, berritzalea, publiko zabalarentzat eta irekia izango da. Gainera, musikari gazte ugari izango ditugu”.
Eneko Goia Donostiako alkatea ere pozik agertu da aurkezpenean, eta antolatzaileek egindako esfortzua goraipatu du: “Erakunde publikoen eta pribatuen kolaborazioaren arteko adibide on bat da. Dagoeneko donostiarasko Jazzaldiaren parte sentitzen gara”.
Hiriak jaialdiarekin izan duen harremana jaso dute erakusketa batean
San Telmo Museoarekin batera,
Round Midnight. 50. Jazzaldia izeneko erakusketa antolatu du Jazzaldiak. Erakusketak Donostiako Jazzaldiaren 50 urteko historia omentzen du, eta hiriak jaialdiarekin izan duen harremana jasotzen du. Argazki, ikus-entzunezko, kartel eta objektuen bidez, Jazzaldiak egindako ibilbidearen hainbat alderdi agerian jarri dituzte. Trinitate plazako hasiera apal hartatik hasi eta Zurriolako kontzertu jendetsuetara. San Telmo Museoko Laborategia gunean jarri dute erakusketa, eta abuztuaren 16a arte egongo da zabalik, 10:00etatik 20:00etara, doako sarrerarekin.
Erakusketaren izena,
Round Midnight, 1944an Thelonious Monk konpositore eta pianistak idatzitako abesti baten izena da, eta, era berean, Bertrand Tavernier-en 1986ko film baten izena ere bada. Dexter Gordon eta Herbie Hancock izan ziren film hartako protagonistak , eta musikari talde bikain batek interpretatu zuen soinu-bandak Oscar sari bat irabazi zuen. Haien artean zeuden, Gordon eta Hancock, Bobby Hutcherson, Billy Higgins, John McLaughlin, Ron Carter, Wayne Shorter, Tony Williams, Freddie Hubbard, Cedar Walton… eta guztiek badute zerbait komunean, Donostiako Jazzaldian jo dute artistak direla.