Intxaurrondoko Renfeko trenbidearen gainean dago bidea eta bizilagunek irekita nahi zutela azaldu du Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak
Itxita egon den pasabidearen irudia. (Argazkia: PSE-EE)
Intxaurrondoko Zubiaurre pasealekuan itxita zegoen oinezkoentzako pasabidea gaur bertan irekiko dute. Hala jakinarazi du Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak, gaur goizean. Zehazki, Zubiaurre pasealekuko 50. zenbakiaren aurrean, Renferen trenbidearen gainean dagoen pasabidea da irekiko dutena. “Pasabide hori berritu beharra dago; izan ere, egoera txarrean dago, denboraren poderioz. Adifek hala eskatuta, itxi egin zuen udalak, trenbidean edo trenen gainean hormigoi puskarik ez erortzeko, baina auzotarrak kexatu egin dira”, aipatu du Ramosek. Beraz, gaurtik bide segurua izango da, Ramosen arabera: “Auzotarren eta erretiratuen elkartekoen eskaera dela-eta, udalak sare batekin estali du pasabidea, harri puskak ez erortzeko trenbideetara. Lan hori eginda, gaur bertan irekiko da pasabidea, berrikuntza lanak hasi arte”. Sarearekin estaltzeak 10.000 euroko gastua suposatu dio udalari. Pasabidea berritzeko proiektua idatzita dago jada Ramosen arabera eta 290.000 euroko hornidura du 2015eko aurrekontuetan.
Pasabide horretatik ehun metrora beste pasabide bat dagoela gogorarazi du Ramosek. “Aurreko udal gobernuak guztiz berritu zuen, ia 350.000 euroko inbertsioa eginda. Arrapalak jarri zituen bertan, eskaileren ordez. Orduan, Udalak Zubiaurre pasealekuko 50. zk.aren aurrean dagoen pasabidea itxi zuen eta, horrekin batera, berritzeko proiektua enkargatzeko izapideei ekin zien.