Partaideak, Kontxa pasealekuan, bizikleta gainean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Inoizko jendetsuena izan da Emakumezkoen VII. Triatloia, 250 partaide ingururekin. Salamancako Cristina Mollinedo izan da azkarrena Donostiako Atletikok antolatutako lehian, igeriketa, bizikleta eta lasterketa probak 34 minutu eta 21 segundotan osatuz. Nerea Etxarri eta Maite Arrue geratu dira bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren.
Emakumeen parte hartzea bultzatzea eta triatloian murgiltzea da triatloi honen helburua; hala igandean jokatuko duten Onditz Oroituz 30. Nazioarteko Triatloirako bidea ireki nahi dute. Distantzia motzeko lehia izan da gaurkoa: 300 metro igerian, 8 kilometro bizikletan eta 2 kilometro korrika; igandekoa, ordea, distantzia olinpikoko proba izango da: 1.500 metro igerian, 40 kilometro bizikletan eta 10 kilometro korrika. Horrela, urtez urte, badira proba errazean hasi eta nazioarteko proba prestatzera igaro diren emakumeak; aurten, esaterako, Onditzen 100 emakumek parte hartuko dute.