Haurrak, lasterketari ekiteko prest. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Euskararen Aldeko Amara Berriko Krosean ederki pasa dute haurrek. Izan ere, lasterketa nagusiaren aurretik, txikiek jolasean aritzeko aukera izan dute, AB Krosean. Pirata Bihurrien eskutik, jolasean igaro dute arratsaldea, eta Hitza Panpina lagun izan dute uneoro. Gainera, goxokiak jaso dituzte panpinaren eskutik.
Lasterketari ekin aurretik, ibilbidea ongi ezagutzeko biratxo bat eman du Probestu plazan. Ondoren, beroketa ariketak egin dituzte, minik ez hartzeko. Bi txandatan aritu dira korrika txikitxoak; txikienek bira bakarra eman diote ibilbideari, eta gainontzekoek, bi bira.
Zalantzarik gabe, eguzkipean arratsalde ederra igaro dute haurrek AB Krosean. Gainera, behin lasterketa bukatuta, otartekoak eta litxarkeriak izan dituzte aukeran jateko, eta partaide guztiek lasterketako motxilatxo bana jaso dute opari gisa. IRUTXULOKO HITZAren azalarekin argazkiak ere atera dituzte.