Uztailaren 13an aukeratuko dituzte ordezkariak.
Gaur egin dute legegintzaldiko lehen udalbatzarra. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Hauteskundeen ondoren,
udal gobernu berriak gaur egin du legegintzaldi berriko lehen udalbatzarra, eta berritasunen artean,
lau batzorde ez iraunkorren sorrera onartu dute aho batez. Horrela, hemendik aurrera batzorderen bitartez kudeatuko dituzte honako lau gaiak:
Donostia 2016 Kultur Hiriburua, Karlos I. hiribidea, Urumearen kudeaketa eta Euskotrenen lanen ardura. Lau batzordeak sortuta,
uztailaren 13an erabakiko dituzte batzorde bakoitzeko ordezkariak.
Lau batzorde berezi horiekin batera,
ohiko batzordeak ere onartu dituzte gaurko udalbatzarran. Donostiako alkate Eneko Goiak azaldu duenez, aurreko legegintzaldiko batzorde iraunkor berdinak mantenduko dituzte. Ohiko batzorde iraunkor eta bereziak onartuta gelditu dira, EH-Bildu eta Irabazi Donostia alderdien abstentzioarekin.
Aipatutako batzorde ez iraunkorrak, aldiz, aho batez eta alderdi guztien onespenarekin onartu dira. Horrelakoak izango dira lau batzordeak:
– Donostia 2016 Kultur Hiriburua:
Batzorde honen helburua Fundazia 2016en egiten denaren jakitun izatea da, eta bertako kide izango dira
alkatea, EAJko bi ordezkari, PSE-EEko bi ordezkari, EH Bilduko bi ordezkari, PPko ordezkari bat eta Irabazi Donostiako ordezkari bat. Horrez gain, batzordearen bileretara bertaratzeko aukera izango dute Fundazioaren Patronaturako izendututako ordezkariak.
Batzordearen bileren kopuruaren inguruan, udal gobernuak hiru hilabetero izatea zehaztu arren, EH Bilduko ordezkari Amaia Almirallek eskatu du hilean behin izateko, 2016 gertu dagoela egotzita. Alkateak eskaera onartu du.
Batzordearen iraupena 2016 proiektua gauzatu hartekoa izango da.
– Karlos I. hiribidearen zubibidearen gaineko batzordea:
Amarako Karlos I. hiribideak ere eztabaidak sortuko dituela aurrikusita, gobernuak batzar ez iraunkorra sortu du gai horren inguruan eztabaidatzeko. Horrela, hiribideko lanak egin eta zubibidea behin betiko kentzeko helburuarekin sortu dute batzordea.
Batzorde honetako kideak iraunkorretako berdinak izango dira, hau da, EAJko hiru kide, PSE-EEko bi kide, EH Bilduko bi kide, PPko kide bat eta Irabazi Donostiako beste kide bat. Batzordeak urtebete iraungo du, eta hilean behin bilduko dira.
– Urumea ibarraren gaineko batzordea:
Urumea ibaiaren kudeaketak ere lan handia eskatuko duelakoan, batzorde ez iraunkorra sortu dute, Martutene, Txomin Enea, Loiola, Amara eta Egia auzoetan eragina duten proiektuetaz eztabaidatzeko. Batzorde honek gai zerrenda mardula osatzen du: Urumeako pana eta uholdeetatik babesteko proiektua, Tabakalera eta Atotxako Intermodala (Abiadura Handiko Trena Atotxara iristeko plana), Ibai parkea sortzea, Txomin Enea berria, Loiolako kuartelak, Martutene berria, Martutene-Antzieta Loiola pasealekua eta Lastertasun handiko burdinbidea.
Batzordea, aurrekoa bezala, iraunkorretako ordezkari berdinak izango dira, eta bi urte iraungo ditu. Bi hilabetean behin bilduko dira, gutxienez.
– Euskotreneko lanei buruzko batzordea:
Azkenik, ETSko Topoaren lurperatzearen lau faseak garatzeko batzordea sortu dute, hau da Donostiako Metroa egituratzeko batzordea. Aipatutako faseak hauek dira: Herrera-Altza (Dagoeneko egina), Lugaritz-Kontxa, Easo-Morlans eta Loiolako geltoki berria.
Nabarmendu dutenez, obra luzeak izango dira, eta horrek eskatuko du trafikoan eta garraio publikoan erabakiak hartzea, obrak amaitu bitartean. Horregatik ikusi dute batzordea sortzeko beharra.
Aurrekoetan bezala, batzorde iraunkorretako ordezkariek osatuko dute batzordea. Urtebete iraungo du, eta hilean behin bilduko dira.