Aurreko legegintzaldiko kopuruak mantenduko dituzte.
Aurreko legegintzaldiko kopuru eta banaketa berdina izango dute soldatek Donostiako alkate Eneko Goiaren esanetan. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Donostiako zinegotzien soldatak izoztuko dituzte. Erabakia gaur hartu dute, legegintzaldi berriko lehen udalbatzarran. EAJ, PSE-EEk eta PPk alde bozkatu dute, eta EH-Bilduk eta Irabazi Donostiak aldiz, abstentzioa bozkatu dute. Hala, aurreko legegintzaldiko soldatak mantenduko dituzte zinegotziek.
Donostiako alkate Eneko Goiak adierazi duenez, dena den, soldata horiek mugatuta egongo dira, PPk Espainian onartutako Toki eta Administrazioaren Arrazionalizazio eta Iraunkortasunari buruzko 27/2013 legearen arabera. Goiak nabarmendu du lege horren aurka egon arren, behartuta daudela betetzera.
Horrela, hauek izango dira udaleko zinegotzien soldatak:
– Alkatearen soldata:
80.803 euro.
– Ataletako 11 zinegotzi ordezkari, Gobernu Batzarrean eskuordetutako eskumenak izango dituztenak:
66.323 euro.
– 3 bozeramaile, EH Bildu, PP eta Irabazi Donostia taldeetakoak:
66.323 euro.
– 3 zinegotzi, bat EAJ taldekoa, beste bat PSE-EEkoa eta beste bat EH Bildukoa:
50.940 euro.
Bestalde, legearen arabera,
gainontzeko 9 zinegotziek dedikazio partzialeko araubidean bete beharko dituzte karguari dagozkion eginkizunak.
Dedikazio partziala %75 izango da gehienez, eta gutxienekoa berriz,
1.193 ordukoa.
Portzentaila hori kalkulatzeko, eginkizunak batuko dituzte honela:
– Batzorde iraunkor bateko lehendakaria izateagatik %30.
– Batzorde iraunkor bateko lehendakariordea izateagatik %20.
– Erakunde publiko edo tokiko merkataritza elkarteko artekaritza edo administrazio kontseilu bateko kide izateagatik %15.
Dedikazio portzentaila betetzen diren karguen arabera egingo dute, eta
50.940 euro izango da oinarria.
Azkenik, dedikazio esklusiboan edo partzialean aritzen
ez diren Gobernu Batzarreko kide ez hautetsiek, administrazio publikoetako edo haien baitako erakunde, elkarte edo enpresetako langile izan ala ez, udaleko organo kolegiatuetan parte hartzeagatik dagokiena jasoko dute, organo horietako kide badira. Hala, osoko bilkuran izateagatik
253,72 euro jasoko dituzte. Batzordeetan izateagatik berriz (orokor eta berezietan)
169,15 euro.
Lansariak eta laguntzak langile funtzionarioen 2015eko lansarien arabera eguneratuko dituzte.