Igeldon idi demaren aurkako protesta egin du bart.
Idi demaren aurkako protesta bart, Igeldon. (Argazkia: Askekintza)
“Euskal kulturan txertaturik dagoen animalien eskubideen urraketan oinarrituriko festa eredua” eraldatu nahi du Askekintza elkarteak. ‘Festak ospatu, animaliak askatu’ lelopean, animaliarik gabeko festen aldeko kanpaina egiten ari da. Lehenengo protesta bart egin du, Igeldoko plazako dematokian.
Kanpaina 2014. urtean jarri zuen abian, eta Gipuzkoako hainbat herritan hainbat protesta egin zituzten; Hernani, Igeldo, Oiartzun, Errenteria, Pasaia eta Ordizin besteak beste. Protestekin jendea kontzientziatu eta animalien eskubideen arazoa mahai gainean jarri nahi zuen Askekintzak. Udalekin bildu eta herri bakoitzeko jai batzordean sartzeko saiakera ere egin zuen. Errenteriako Udalaren eta herri eragileez osatutako Jai Batzordearen aldetik izan zuten harrera ona azpimarratu dute: “Udala eta herri eragileak kontzientzatzeko lanean lehen pausoak eman genituen, eta idi-dema Madalenetatik ezabatzea lortu genuen, animalien eskubideen aldeko garaipen handia zalantzarik gabe”.
Oraindik lan handia egin behar duela adierazi du Askekintzak, eta uda honetan ere protestetekin aurrera egingo duela. Irailetik aurrera, jai batzorde gehiagotan sartu eta animalien alde lan egitea da beraien asmoa, udalekin bilerak alboratu gabe.