Marruma elkartearen alde lanean ari dira Grosen, 'herriko tabernen' auziaren harira
Hirurogei lagun inguru batu ziren Marrumaren aldeko ekitaldian. (Argazkia: Mikel Rodriguez Burguete)
“Ez da taberna baten itxiera, proiektu baten aurkako erasoa da”, diote Groseko Marruma elkartearen aldeko kideek. Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak ehundik gora
herriko taberna ixteko agindua eman du, eta horien artean, hiriko zortzi daude: Groseko Marruma, Parte Zaharreko Herria eta Aitzkora, Loiolako Hontza, Antiguako Antiguotarrak, Amarako Haritza, Amara Berriko Ilunbe eta Altzako Txalaka. Gauzak hala, mugimenduak sortu dituzte taberna eta elkarte horiek babesteko, eta Grosen, esaterako, elkarretaratze jendetsu bat egin zuten joan den igandean,
Marruma libre eta zabalik! lelopean. Marrumak duen garrantzia azpimarratu nahi izan dute, eta horretarako, auzoko hainbat eragilerekin elkartu dira, euren babesa jasotzeko: Ernai, Ondarte auzo elkartea, Kortxonea gaztetxea… “Lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute elkarteek. Hau hasiera da, ikusiko dugu auzo bezala nola aurre egiten diogun egoerari”.
Joan den astean eman zuten auziaren berri eta ostiralean bertan manifestazio bat egin zuten Donostiako erdialdeko kaleetan zehar, gertatutakoa salatzeko. Orain, ez dakite zer gertatuko den, halako aurrekaririk ez dagoela baitiote: “Inork ez zuen halakorik espero, batek daki nola jokatuko duten!”.
Parte Zaharreko Herrian eta Loiolako Hontzan ere egin zituzten agerraldiak asteburuan. Azken honetan, 35/02 sumarioan auzipetutako Agus Rodriguezek hartu zuen hitza, eta udaletxean mozio bat aurkeztuko dutela aurreratu zuen, baita Aste Nagusian manifestazio jendetsu bat egiteko asmoa dutela ere.