Batez ere defentsan duten hutsunea betetzera etorri dela adierazi du Tati Garmendia kirol arloko arduradunak
Judith Sans eta Tati Garmendia, aurkezpenean.(Argazkia: berabera.com)
Datorren denboraldiari begira lanean jarri da jada Bera Bera Eskubaloia. Hala, fitxaketa berri bat aurkeztu du gaur, Judith Sans, 21 urteko kataluniar pibotea. Batez ere defentsan duten hutsunea betetzera etorri dela adierazi du kirol arduradun Tati Garmendiak: “Oso gaztea da, junior mailako internazionala, eta defentsarako joera du. Bera Beran, entrenamenduetan eta ondoan izango dituen taldekideekin jokalari bezala hobetzeko aukera izango du. Azken batean, “fitxaketa handi bat” izan dela aipatu du Garmendiak. Jokalaria bera ere pozik agertu da eta taldean zer eman dezakeen aipatu du. “Defentsan ekarpen handia egin dezaket. Taldera ahalik eta azkarren egin nahi nuke, gozatu eta asko ikasi”.
Maila gorenera iritsi nahi duela onartu du kataluniarrak: “Bera Berak Europako lehiaketan jokatzeko aukera emango dit eta, horrez gain, ligako txapeldun gisa, asmo hori lortzen jarraitzea izango da helburua, eta Kopa ere eskuratzea”. Argi du, gainera, Montse Puche entrenatzailearekin asko ikasiko duela. Aldi berean, taldean eskarmentu handiko jokalariak eta gazteak nahastuak izatea baikor ikusi du: “Bera Bera da lekurik onena kirol ibilbidean hazteko. Datorren denboraldian taldeak izango duen nahasketa, ondo etorriko zaigu”.