Mikel Zabalza orbaitzetarra desagertu eta hil zenetik 30 urte beteteko dira aurten, eta Nafarroan kasuari buruzko dokumental bat egiteko proiektua sustatzen ari dira. Bere heriotza gogoratzearekin batera, torturari berari buruzko hausnarketa izan nahi du Objektu galduak izeneko dokumentalak.
Hain zuzen, Zabalzaren familiak egun haietan jasotako erantzun mingarria jarri diote izenburu gisa dokumentalari. Zabalzaren amari erantzun hura eman zioten Intxaurrondoko kuartelean. Semea galdu bazuen, joateko galdutako objektuen bulegora. Erantzun horretatik abiatuko da ikus-entzunezkoa.
Orain arte ezagutzen ez ziren testigantzak jasoko dituzte dokumentalean. Mikel Zabalzarekin batera atxilotutako Ion Arretxek ere kontatuko du bere esperientzia. Idoia Aierbe Mikel Zabalzaren bikotekideak bere garaian emandako testigantza ere audioz emango dute dokumentalean; Eva Forrest-ek elkarrizketatu zuen garai hartan, Zabalzaren gorpua ikusi baitzuen Intxaurrondon. Kasu honi buruzko perspektiba zabal bat emango du dokumentalak. Zabalzaren anaiak, Patxi eta Aitor, ere agertzen dira dokumentalean. Orbaitzetan atxilotu zituzten 1985eko azaroaren 26 hartan, eta Iruñeko komisaldegian torturak sufritu zituzten.
Autobus gidari orbaitzetarra Donostian atxilotu zuen Guardia Zibilak, Altzan zuen etxebizitzan, 1985eko azaroaren 26an. Kuartelera eraman eta hurrengo egunean bere desagerpenaren berri eman zuten. Oraindik indarrean dagoen bertsio ofizialaren arabera, Guardia Zibilak Endarlatsara eraman zuen, zulo baten bila. Tunel baten barruan zegoela, horman zegoen zulo txiki batetik ihes eginda, Bidasoa ibaira salto eginda itota hil zen. Zabalzak esku burdinak jarrita zeuzkan une horretan, eta 3 guardi zibilek inguratuta zegoen. Ez zekien igeri egiten.
Gurutze Gorriaren urpekariek Bidasoa ibaia miatu zuen goitik behera, baina ez zuten ezer aurkitu. Atxilotu eta hogei egun geroago, abenduaren 15ean Guardia Zibilak aurkitu zuen bere gorpua Bidasoa ibaian.
Idoia Aierbe bere orduko neskalaguna ere atxilotu zuten Mikel Zabalza eta beste lagun batzuekin batera. Intxaurrondoko kuartelean bere gorpuzkera zuen norbait zerraldo ikusi zuela esan zuen.
1988an apirilean epaileek kasua artxibatu zuten. Argudiatuz, Zabalzaden sabelean eta odolorean taladrina arrastoak zeudela. Garai hartan hainbat enpresek sustantzia hori isurtzen zuten ibaira. 1995ean berriz ireki zuten sumarioa.
1995ean berriz ere ireki zuten sumarioa, hainbat zantzu kaleratu baitzituzten: Vicente Soria guardia zibilak kazetari bati aitortu zion Zabalzaren gorpua ikusi zuela kuarteleko igogailu batean. Txofo Migeliz salatariak Dorado, Villalobos eta Bayori leporatu zien gertatutakoa. Perote koronelari atzemandako dokumentuetan ere esaten zen Zabalza intxaurrondon hil zela. 2010ean, ordea, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak artxibatu egin zuen auzia. Ez zuen biderik ikusi akusatutako guardia zibilak auziperatzeko
Miguel Angel Llamas Pitu da dokumentalaren sortzaileetako bat. Bere ustez, bertsio ofizialak “ez du hanka ez bururik. Babes politiko gutxi du bertsio ofizial horrek, baina hori da mahai gainean dagoena. Bada garaia bertsio ofizial horri buelta emateko”, adierazi du Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean. Pako Etxeberriak aztertuko du kasua dokumentalean: “Jada 3.000 kasu baino gehiago jaso ditu, tortura salaketak medio. Zabalza da horietako bat da. Desmuntatu egingo du bertsio ofiziala. Beste bederatzi pertsona hil dira azken 50 urte gauetan komisaldegietan. Ez da gauza isolatu bat”.
Llamasek adierazi du “harrigarria” zela Intxaurrondon gertatzen zena: “Ion Arretxek kontatu zigun zazpigarren pisuan torturatu zutela, eta ondoan bizi ziren familien oihuak eta hitzak entzun zituela. Hogei egunez deposito batean gordeta egon zen Zabalza. Beldurgarria da urte horietan gertatzen zena”.
Orain dokumentala bukatu ahal izateko dirua biltzen ari dira. 60.000 euro behar dituzte. Iraila eta urrian crowdfunding bat jarriko dute abian. 2016ko irailean amaitzea espero dute, eta hortik aurrera zinema aretoetan nahiz zinema jaialdietan aurkeztu nahi dute.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea