Beken gaineko jardunaldi informatiboa uztailaren 8an egingo dute 12.00etan, CEMEI eraikinean, eta baita GazteEkin kongresuan ere, uztailaren 16an, Kursaalen.
Unibertsitateko gradua edo lanbide heziketa amaitu berri dutenei zuzenduta daude bekak. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Nazioartera ateratzeko 60 beka eskainiko dizkie gazteei Donostia Sustapenak, Ekonomia Sustatzeko Planaren (DESP) programaren barruan. Beka hauek urtero jartzen dituzte martxan, gazteen laneratzea ahalbidetzeko helburuarekin, eta atzerrian gutxienez
6 hileko soldatapeko praktiken bidez horien kualifikazioa hobetzen dute bekadunek.
Hala, beken gaineko
jardunaldi informatiboa uztailaren 8an egingo dute 12.00etan CEMEI eraikinean, eta baita GazteEkin kongresuan ere, uztailaren 16an, Kursaalen. Bertan azalduko dute beka horiek lortzeko egin beharrekoa, eta aukera berriak eskaintzeko arrazoia; hain zuzen ere, egungo krisi egoeran, 30 urtetara iristen ez diren gazteen artean enplegua sustatu eta langabezia-tasa handiak arintzeko aukera ematen dute beka horiek. Horrela, programa horren bidez unibertsitate-titulazioa eta goi-mailako lanbide heziketa lortu berri duten gure gazteek aukera izango dute gutxienez 6 hilabetez atzerriko enpresa eta erakundeetan soldatapeko praktikak burutzeko, beren profil akademiko eta profesionalarekin lotutako jarduera eta proiektuen barnean.
Atzerriko enpresa eta entitateek eskainitako praktika horiei esker, gazteek beren kualifikazio profesionala hobe dezakete. Gainera, nazioarteko sarean lan egiten hasiko dira, eta horrek laneratzea erraztuko die etorkizunean.
Proiektuak askotarikoak dira, hala nola, merkatu-azterketak, marketin eta komunikazio funtzioak, turismo-garapena, produktu eta teknologiaren garapena eta I+G. Era berean,
asko dira bilatzen diren profilak: besteak beste, komunikazio, ekonomia eta kimikan lizentziatuak eta baita ingeniariak ere.
Jomuga-herrialdeak ere ugari dira: AEB, Erresuma Batuak, Holanda, Irlanda, Ecuador, Txile, Malta, Bolivia, Colombia, Peru, Mexiko, Frantzia, edo Alemania.
Taletua itzuli dadila
Iazko
Global Training bekari esker ere, 60 dira atzerrian praktikak burutu dituzten bekadunak. Sustapenaren datuen arabera, horietatik
%55 dagoeneko lanean dago. Horrez gain, Donostiako Sustapenak konpromiso bat hartu du talentua itzularazi eta Donostiako enpresa-ehundura babesteko. Ildo horretatik, lan-saioak burutzen dira bekadunekin, hala, behin praktikak amaitu ostean, atzerriko merkatuan jasotako esperientzia eta ezagutza tokiko enpresekin partekatu dezaten.
Izen-emateak
Donostiako Sustapena – Global Training 2015-2016 beketan
izena emateko epea uztailaren 27ra arte irekiko da. Izen-ematea
Sustapena eta
Global Training orrialdeetan egin daiteke, eta dokumentazioa aipatu epearen barruan eta paper-formatuan aurkeztu beharko da Viktoria Eugenia Antzokian, Sustapenak bezeroen arretarako duen bulegoan.