Donostialdeko Metroaren proiektuari alegazioak aurkezteko epea ostiralean amaituko da; bizilagunak kezkatuta daude egitasmoarekin.

Herritar bat, bilera hasi aurretik, Metroari buruzko oharrak irakurtzen. (Argazkia. Aritz Sorzabal)
Amara Bai auzo elkarteak batzar informatibo batera deitu du, Donostialdeko Metroaren proiektuarekin kezkatuta, ostiralean alegazioak aurkezteko epea amaitzen dela kontutan hartuta. Hain zuzen ere, azpiegitura erraldoien aurkako ekintzaile Mikel Alvarez aritu da hizlari gisa, proiektuaren nondik norakoak azaltzeko asmoz, erakusketa publikoan dagoen txostena oinarri hartuta. Amara Bai auzo elkarteko ordezkari Harkaitz Aranburuk jakinarazi du eurek hartu dutela batzarra antolatzeko ekimena, proiektuaren “erdi-erdian” daudelako, baina nabarmendu du aurrerantzean herritar guztiei egokituko zaiela egitasmoari aurre egitea.
Hainbat proposamen egin dituzte bileran helburu horrekin, ostiralean ahalik eta alegazio gehien aurkezteko eskaeraz harago. Esaterako, lan talde bat egituratuko dutela aurreratu dute, beste auzo elkarterekin eta hiriko eragile eta herritarrekin batera. Era berean, herri kontsulten araudi berria erabiltzeko aukeraz hitz egin dute, herritarrei galdetu ahal izateko, kaltetutako auzotarrek bere iritzia emateko beste aukerarik ez dutelako izango alegazioak aurkezteko epea amaituta.
Momentuz, Amara Bai auzo elkartearen egoitzan egindako bileran jende ugari bildu da, eta halako obra erraldoi batek eragin ditzazkeen kalteekin kezkatuta azaldu dira guzti guztiak. “Donostia behera etorriko da Metroaren lanekin. Etxe askok ez dute zutik iraungo, aurreikusita dituzten lur irekidurak eginez gero. Ni prest nago atez ate joateko, auzotarrei arazoaren larritasunaz ohartarazteko”, esan du Arrasate kaleko bizilagun batek. “Gure etxea pitzadurak ditu, behean dugun denda batean egindako lan batzuen ondorioz. Zer gertatuko da orduan Metroko obrekin hasten direnean? Inguruan ditugun etxeak egurrezkoak dira, eta hondarraren gainean egin zituzten”, azaldu du Easo kaleko auzotar batek. “Urbieta kaleko etxabeetan ura sartzen da itsasgorarekin, pentsa… Hiria suntsituko dute, ez da beste inoren beharrik izango suntsitua izan dadin”, esan du Erdialdeko beste auzotar batek, eta etxebizitzei babes maila emateko eskaera egiteko proposamena egin du, hiriko ondare direla kontutan hartuta.
Iritzi hauekin guztiekin batera, Mikel Alvarezek orain arte aurkeztu dituzten alegazioen edukia azaldu du. Alegazioekin proiektua alboratzeko eskatzen dutela dio, gizarte eztabaida ireki ahal izateko. Honen harira, salatu du alegazio epea “isilean” ireki dutela: “Hauteskundeen ondorioz udalean egon den aktibitate eza baliatu dute, gainera. Maiatzaren 29an ireki zuten epea, eta oharkabean pasatzen ari da. Jendearen parte hartzea guztiz mugatzen du honek, herritarrek bere iritzia emateko aukera bakarra baita epe hau”. Proiektuari dagokionez, egitasmoak ez duela beste garraio alternatibekiko inongo alderaketarik jasotzen kritikatu du, eta ez dutela errentagarritasun sozial eta ekonomikoari buruzko inongo azterketarik egin azpimarratu du. Arrazoi horiez gain, egitasmoak ez dituela ingurunearen baldintzak kontutan hartu azpimarratu du, “hiri azpian azpiegitura erraldoi bat eraikitzea oso konplexua izan arren”.
Alvarezen esanetan, “16.000 biztanle inguruko gune batean egin nahi dute Metroa, oinez hamar minututan zeharkatu daitekeen ingurune batean. Erdialdean egokitu nahi dute, bai ala bai”. Kontxako hondartzaren azpian 300 metroko ibilbidea egitea aurreikusia dutela zehaztu du, eta lurperatuko duten zatiaren inguruan 311 etxebizitza daudela nabarmendu du. Proiektuak gutxienez 1.160 milioi euroko kostua izango lukeela erantsi du; “Superportua, kanpoko saihesbidea eta Abiadura Handiko Trenarekin batera, aurreikusita dituzten lau azpiegitura erraldoien artean dago”.