Abuztuaren 31a arte egongo da irekita, eta bisitariei informazioa eskainiko diete egunero 11:00etatik 18:00etara.

Londres Hotelaren aurrean jarri dute turismo bulego berria. (Argazkia. Ane Urrutikoetxea)
Turismo bulego berria jarri dute Cervantes plazan, Londres hotelaren aurrean. Bulegoa gaur ireki dute, eta
abuztuaren 31a arte irekita egongo da; hala, egunero, astelehenetik igandera arte, hirira bisitan datozenei informazioa eskainiko diete bertan
11:00etatik 18:00etara. Bulegoa kabina modukoa da, gurpildun aulkientzat egokitua, eta kanpoan hiriaren oinarrizko informazioa eskaintzen duen planoa dago ikusgai.
Turismo zinegotzi Ernesto Gascoren lehen erabakietako bat izan da informazio bulegoak indartzea, batez ere bisitari gehien etortzen diren hilabeteetan, hau da, uztaila eta abuztuan. Hain zuzen ere,
iaz 270.000 gaualdi erregistratu ziren bi hilabete horietan hirian.
Informazioa eskaintzearekin batera, bulegoen helburua hiria ezagutzera ematea da, Donostira datozen bisitariek gune nagusietatik harago leku interesgarriak ezagutu ditzaten. Horrela, Turismok bisita gidatuen eskaintza zabala eskainiko die bisitariei, eta baita
bizikletan ibilaldiak ere. Bestalde, Donostia nazioartean saltzeko paketeak ere prestatu dituzte.
Aldundiarekin akordioa sinatu du Turismo Donostiak, Gipuzkoako bisitariak erakartzeko helburuarekin, eta baita kanpotarrak Gipuzkoako herrialdeetara mugitu daitezen. Besteak beste, gazta saltokiak, sagardoa, zesta punta eta Ordizia eta Idiazabalgo merkatuak ezagutzeko ibilaldiak antolatuko dituzte.
Azkenik,
Donostiaren plano berri batzuk eskainiko dituzte; bertan, hiria hirutan banatu dute, turistei bisita errazteko: Parte Zaharra-Erdialdea, Igeldo-Ondarreta-Antigua eta Sagues-Gros-Egia.