Espainiako Auzitegi Gorenak Urumeako ibai parkeko lurren jabeei arrazoia eman arren, proiektua aurrera eramango duela adierazi du gobernuak.

Txomin Enearen obren zati bati eragiten dio sententziak. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Txomin Eneako urbanizazio proiektuarekin aurrera jarraituko duela adierazi du gaur udalak; duela egun batzuk, Espainiako Auzitegi Gorenak Txomin Enearen ibai parkearen inguruko epaia egin du, eta bertako lurren jabeei eman die arrazoia.
Epaia eta haren balizko ondorioak aztertzen ari da udala; adierazi dutenez, epaiak proiektu osoaren zati bati eragiten dio soilik, eta beste gainontzeko atal guztiek legedia, arau eta baldintzapen guztiak betetzen dituzte.
Dena den, udalak epaiaren ondorioz aldaketaren bat egin beharko balu ere, Txomin Enearen garapen urbanistikoarekin egun duen konpromisoa mantentzen duela jakinarazi du.
Ibai parkea, bi familien esku
Urumeako ibai parkeko lurrak bertako bi familien esku daude, eta hain zuzen ere, haiek salaketa jarri zuten 2013an Donostiako Urbanizazio Plan Orokorraren aurka. Ondorioz, epaiaren arabera, familiek ez dituzte lur horiek utzi behar.