Adineko hemeretzi añorgatar elkarrizketatu zituen Museum Cemento Rezolak, hamargarren urteurrena ospatzeko; orain liburu batean jaso dituzte lekukotasun horiek
Amaia Llorente ‘añorgatarrak’ liburuaren koordinatzailea

(Argazkia: Estitxu Zabala)
Museum Cemento Rezolako langilea da Amaia Llorente (Lazkao, 1979). Berez lazkaotarra den arren, hamar urte daramatza Añorgako museoan lanean, eta bertakoentzat añorgatar bat gehiago dela dio; «oso eskuzabalak dira». Añorgatarrak, Kontakizunak oroimenetik liburua koordinatzeaz arduratu da.
Nolatan sortu duzue añorgatarren kontakizunak jasotzen dituen liburu bat?
Museoak 2010ean hamar urte bete zituenez, pentsatu genuen herritarren ahozko oroimenak jasotzen hastea. Orduan, hemeretzi añorgatar elkarrizketatu eta ikus-entzunezko bat egin genuen, museoaren erakusketa iraunkorrean jartzeko. Bereziki euren haurtzaroko kontuak aipatu zizkiguten, Añorga zer izan zen. Elkarrizketak laburbildu eta 30 minutuko ikus-entzuneko bat osatu genuen. Informazio asko kanpoan geratu zen, eta pentsatu genuen hori islatzeko erarik onena liburu bat izango zela.
Zenbat lagun aritu zarete lanean?
Museoko langileen artean egin dugu, bereziki hiruren artean. Gero, praktiketan izan ditugun laguntzaileak itzulpenak eta transkribatzeak egiten aritu dira. Grabaketak hilabete batean egin genituen, baina liburua egiteko urtebete igaro dugu. Liburua lan-orduetan egin dugu, eta gainontzeko lan karga kendu gabe; horregatik luzatu da. Ideia 2010etik buruan genuen, baina iaz jarri ginen horretan.
Lan handia izan da material guztia txukuntzea?
Berez transkribatze lan bat izan da. Esaldiak nahiko motzak dira, esan dituzten moduan, baina euskara batura igaro ditugu. Errepikatzen zituzten kontuak bakarrik kendu ditugu.
Hemeretzi añorgatar horietatik zenbat dira emakumeak eta zenbat gizonak?
Gorga elkarteari eta klubari laguntza eskatu genien auzotarrak aukeratzeko garaian. Guk buruan genituen pertsona batzuk, auzoan esanguratsuak iruditzen zitzaizkigulako, baina elkarteek asko lagundu ziguten. Guztira, hamabi gizonezko eta zazpi emakume aukeratu genituen: Evaristo Aiestaran Añorgako alkate bakarra izandakoa eta auzoaren egunerokotasunean oso sartua egon dena; Imanol Sorondo parrokoa, erretiratua dagoena baina mezak ematen jarraitzen duena; Javier Irazusta, Rezola lantegian lan egin zuen azkena; Joakin Murua, Rezolako langile ohia eta Oronako sortzaileetako bat; Jose Luis Unanue, pilotaria eta okina; Kontxi Loidi baserritarra; Pablo Marañon, Zinean filmak proiektatzen ibilitakoa…
Zertarako balio izan dizue egindako lanak? Asko ikasi duzue auzoaren inguruan?
Konturatzen naiz liburu hau oso polita dela edozein añorgatarrentzat. Añorgaren historia jasotzen du, bertakoek kontatuta. Museoan egiten ditugun bisita gidatuetarako asko aberastu gaitu. Konturatu gara bisitarien edozein galderen aurrean edo gure diskurtsoan euren esaldiren bat sartzen dugula.
Pasarteren batekin geratu zara?
Asko ahaztuak ditut… Lehen autobus bakarra zuten, esaterako, Tolosakoa, eta errepidetik manifestazioak egiten zituzten. Jaiekin ere istorio asko zituzten, Donostiakoak baino hobeak omen ziren bertako su artifizialak.
Zer esan dezakezu orain auzoaz?
Berezko nortasun bat dute, añorgatarrak añorgatarrak dira. Argi dago Rezola lantegiak lotura zuzena duela auzoarekin. 1950. urtean sortu zuten eta auzo industrial bat izan zen ordutik, baina aurretik baserritar auzoa zen, nekazaritzan eta abeltzaintzan zebilena. Añorgatarrak oso aktiboak iruditzen zaizkit kultur arloan, ekarri handia egin dutenak. Euskal kulturan aritu dira eta beti egon dira eta daude laguntzeko prest. Lehen era batera edo bestera auzotar guztiak lantegiarekin lotuak zeuden, eta orain ez. Orain lantegia da zerbait hor dagoena, eta batzuk bertan lan egiten dute, baina askok ez. Agian belaunaldi berriak kritikoagoak dira zentzu batean, lehen denerako prest baitzeuden. Orain ere badaude mugimendu asko auzoan, eta ez bakarrik kirola eta lantegiari lotutakoak.
Zein erantzun jaso duzue auzotarren aldetik?
Zerbait esan digutenak, behintzat, oso gustura daude. Añorgatarrentzat iruditzen zaie ikaragarrizko lana. Baloratzen dute hartutako lana. Ikus-entzunezkoa ikusi zutenean, aipatu zuten hor ez zegoela dena jasota, eta orain, liburuarekin, asetuta geratu direla uste dut. Partaideek batez ere, oroigarri bat bezala jaso dute.
Zuen helburua lortu duzue?
Horretan gaude. Añorgako ahozko oroimen hori jaso dugu, eta hori da helburu garrantzitsuena. Orain, zabaltzeko lan horretan gaude. Askotan iruditzen zaigu museoan egiten dugun lana ikaragarria dela, baina gero kanporatu beharra dago. Oso sartuak egon gara liburuarekin, bukatu eta aurkeztu egin dugu, salgai jarri eta hor utzi dugu. Gehiago zabaldu nahi dugu, ahaztu gabe.
Elkarrizketatu dituzuenetako batzuk jada ez daude bizirik. Horrek ere balio gehiago emango zion zuen lanari, ezta?
Liburua idazterakoan, berriro ere bizirik zeudenekin elkartu ginen, biografiak osatzeko. Ordurako batzuk hil egin ziren, orduan, seme-alabekin elkartu ginen, lau hil baitira. Evaristo, esaterako, ez zen bideoa ikustera ere iritsi. Irekita dugun proiektu bat da, grabaketa berri batzuk osatu ditugu; aurrekoak baino zerbait gazteagoak direnekin egongo gara, baina horiek ere badute zer kontatu. Asmoa dugu elkarrizketa gehiago egin eta ahozko oroimen hori berreskuratzen jarraitzeko.
Nola ikusten duzu orduan auzoaren etorkizuna?
Etorkizunerako garrantzitsua iruditzen zait aipatzen duten bulebarizazio hori, batez ere, hiru guneak lotzeko, Añorga, Añorga Txiki eta Rekalde.