II. Bizikleta azoka egingo dute asteburuan
Donostia 2016 gunean dozena bat postu jarriko dituzte, eta hainbat jarduera antoltatu dituzte.
Bihar hasi eta asteburu osoan, II. Bizikleta Azoka egingo dute Donostia 2016 gunean. Bertan, bizikletarekin lotutako dozena bat saltokik postuak jarriko dituzte, eta hainbat jarduera ere antolatu dituzte, hala nola proiekzioak, oinarrizko mekanikako lantegiak eta haurrentzako Molto martxa bat.
Azokaren helburua bizikleta hirigunean mugitzeko oso garraiobide aproposa dela aldarrikatzea da, eta baita bizikletaren munduan aritzen diren Donostiako enpresa eta ekinbideentzako topagune bat izatea ere. Horrela, Mugikortasuneko eta Garraioko zinegotzi ordezkari Pilar Aranak aurkeztu du II. Bizikleta Azoka gaur, udalean.
Hain zuzen ere, udaleko Mugikortasuna eta Txita Txirrindak dira azokaren antolatzaileak. Aipatutako jardueren artean nabarmetzekoak dira oinarrizko mekanikako lantegia, dokumentalak eta Frantziako Tourraren lehenengo etaparen proiekzioa, besteak beste. Horrekin batera, bizikletan adituak diren hainbat eta hainbat saltoki modu arin, atsegin eta gertuko batean ezagutzeko aukera eskaintzen du azokak, eta bertako saltokiei hedapen eremu bat eskaintzen die.
Iazko irailean egin zen lehen aldiz azoka, eta, parte hartzaileek berek egindako eskaerak aintzat hartuta, aurten aurreratzea erabaki du udalak, udan egin ahal izateko. Aranaren esanetan, uda oso garai aproposa da bizikletan ibiltzeko, urte osoan erabili daitekeen garraiobidea izan arren.