Hiriko traineruaren hiru babesle nagusiak aurkeztu dituzte eta datorren asteko estropaden berri eman dute

Josu Astigarraga Amenabarreko zuzendaria, Eneko Goia alkatea, Alberto Lopez Donostiarrako presidentea, eta Martin Berasategi sukaldaria. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Sendo hitz egin du Martin Berasategi sukaldariak,
La Perlako kafetegian egin duten prentsaurrekoan: “Donostiarraren norantza aldatzeko momentua da”. Hiriko traineruaren babesle nagusien artean dago
Berasategi,
Donostiako Udalarekin eta
Amenabar eraikuntza enpresarekin batera. “Berasategik urteak daramatza taldearekin, udalak traineruaren sorrera bultzatu zuen, eta Amenabar gutxienez bi urtez izango dugu gurekin”, argitu du Donostiarrako presidente Alberto Lopezek. Hala, hiru babesle nagusiek euren konpromisoa ziurtatzen duen kontratua sinatu dute komunikabideen aurrean, eta euren poza adierazi dute. Sukaldariaren ustez, oso beharrezkoa da arlo ekonomikoa bultzatzea, traineruaren kirol arloak aurrera egin dezan; “Urte guztian zehar babestu behar dugu trainerua; daukagun entrenatzailearekin eta halako mutil gazte kuadrillarekin ziur nago gora egingo dugula. Gainera, sukaldeko lanak eta arraunak badute lotura, talde lanak ekartzen baitu arrakasta”. Amenabarreko zuzendari Josu Astigarragak euren babesa bi urte baino gehiagotara luzatzea espero duela esan du; eta udalaren ordezkari gisa, Eneko Goia alkateak hartu du hitza: “Ez da meritu makala desberdinak elkartu eta proiektu komun bat aurrera ateratzea. Benetan desio dut legegintzaldi honetan zuek lortutako bandera bat ospatzea konstituzio plazan”. Gainera, klubeko bazkide egingo dela ere ziurtatu du alkateak. “Taldea gogor ari da lanean jasotzen ari den babes guztia eskertzeko”, ziurtatu du klubeko presidenteak.
Babesle nagusiez gain, baditu babesle txikiagoak ere Donostiarrak, eta bazkide kanpainarekin ere aurrera darrai. “Urtean 35 euroren truke bazkide egiteko aukera dago, eta bide onetik goaz”, argitu du presidenteak. Super Amarekin egindako kanpainaren bidez, 300 bazkide lortzekotan direla esan du Lopezek, eta orain, elkarte gastronomikoekin hasi dutela bazkide kanpaina berezi bat. Gainera, SShops Donostiarekin ere lanean ari omen dira.
Datorren astean bi jardunaldi
Gizonezkoen bi traineru uretaratu ditu aurten ere Donostiarrak. Nagusia, KAE-1 Ligan, eta harrobia lantzeko bigarren ontzi bat KAE-2 Ligan. Momentuz KAE-1 ligan lan txukuna egiten ari da
Torrekua II, baina goranzko bidea egin nahi du. “Lehen estropadetan argi geratu da sei bat traineruren artean oso borroka gogorra egongo dela”, adierazi du presidenteak. Datorren asteburuan, Santurtzin lehiatuko da lehen trainerua, larunbatean, 18:00etan; bigarren ontzia, berriz, igandean lehiatuko da, Sestaon, 17:00etan.
Bi traineruek ere etxean izango dute datorren asteko jardunaldia, Kontxako Badian. Larunbatean izango dira bi jardunaldiak, hau da, uztailaren 11n. KAE-1 Ligako jardunaldia , 12:00etan izango da, eta VIII. Donostiarra Grupo Amenabar bandera egongo da jokoan. KAE-2 Ligari dagokion jardunaldia, berriz, 17:00etan izango da, eta VI. Donostiarra Grupo Amenabar bandera etxeratuko du irabazleak. Ordutegi ofizialak horiek diren arren, 11:30ean eta 17:30etan egiten saiatuko direla esan dute, antolaketa errazteko.