Aurten euskal aldizkarien erakusketa antolatu dute Gipuzkoa plazan.

Donostiako Liburu eta Disko Azokak 40 urte bete ditu. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Donostiako Liburu eta Disko Azokak 40 urte bete ditu, eta udan irakurleak erakartzeko helburuarekin dator aurten.
Gipuzkoa plazan dagoeneko jarri dituzte postuak, eta
bihartik hasita, bertara hurbiltzen direnek liburu eta disko eskaintza zabala eskura izango dute
hilaren 19a arte. Gainera,
euskal aldizkariekin erakusketa antolatu dute aurten. Azoka
11:00etatik 13:30era eta 16:30etik 20:00etara egongo da irekita.
Euskadiko Liburu Ganbarako presidente
Jose Agustin Iturrik, Euskadiko Liburu Azoken koordinatzaile
Asier Muniategik eta Liburutegi Zerbitzuko arduradun
Arantza Urkiak aurkeztu dute azokaren 40. edizioa. Uda giroa iritsita, hondartzara doazenek azoka bisitatzera animatu ditu Urkiak, udan irakurtzeko denbora gehiago dagoela adieraziz: “Sasoi honetarako bereziki prestatutako gomendio sorta prestatu dugu aurtengo edizioan, eta horrekin batera liburutegiak irekita egongo dira”. Hain zuzen ere, Urgulleko liburutegia dagoeneko irekita dagoela gogoratu du Urkiak.
Aurten gainera, azokako
produktu guztiak %10 beheratu dituztela adierazi du Muniategik; saltzaileentzat esfortzua izan arren, horrek azoka erakargarriagoa egingo duela uste du: “Aurtengo azokan adin eta zaletasun guztientzako eskaintza inzago dugu; helburua liburuak jendearengana hurbiltzea da, eta kalea hartzea oso adierazgarria da guretzat”. Guztira
38 postu jarri dituzte, batzuk Euskal Herrikoak eta beste batzuk nazioartekoak. “Garrantzitsua da jendea azokara etortzea, liburuak hartu, usaindu, ikusi eta ahal bada, erosi ditzan. Azken finean, irakurtzeko zaletasuna bultzatu nahi dugu, atzean industria bat dagoela ahaztu gabe”.
Argi apur bat salmentetan
Muniategiren esanetan,
2013an igo egin ziren liburu salmentak, eta saltzaileak argi izpi bat ikusten ari direla adierazi du: “Azken bost urteetako krisi gogorraren ondoren, badirudi salmentak pixkanaka errekuperatzen ari direla. Ez da saltoka jartzeko moduko zifra, baina argi apur bat ikusten ari gara”.
Salmenta horiek mantentzeko, Muniategik instituzio eta hezitzaileei deia luzatu die, irakurzaletasuna bultzatu eta indartu dezaten: “Azkenean irakurtzeko erabakia hartzea egin dezakegun ekintzarik libreena da, eta hori gizarteratu beharra daukagu”.
Egitarau oparoa
Bihartik hasita, egitara oparoa antolatu dute azokan. Hala, bihar 19:00etan
Nafarroa, nora hoa? mahai ingurua egingo dute Juan Kruz Lakastak, Ivan Gimenezek eta Joxerra Senarrek.
Uztailaren 8an berriz, Lewis Carrollen
Alizia herrialde miresgarrian liburuaz mintzatuko dira Asun Agiriano, Juan Kruz Igerabide eta Manu Lopez Gaseni. Hilaren 9an Servando Rocha idazleak
El ejercito negro liburuaren aurkezpena egingo du, eta 14an, Eduardo Iglesiasek
Los elegidos nobela aurkeztuko du. Hilaren 15ean, Antonio Perezek eta Felipe Vallek beren liburuak aurkeztuko dituzte, eta 16an, Kepa Muruak
Tangoman liburuaz mintzatuko da. Azkenik, hilaren 17an Andres Reciok emanaldia egingo du Kaxildan, 19:00etan.
Aipatutako jarduerekin batera, azokan egunero izango dira idazleak beren liburuak sinatzen; bertan izango dira, besteak beste, Jon Arretxe, Jose Javier Abasolo eta Toti Martinez de Lezea.