Altza hirira anexionatu zutenetik 75 urte bete dira. Hainbat altzatarrek herri izaera aitortzea eta erabakiarekin lortutako etekina itzultzea aldarrikatu dute, «modu erabat antidemokratikoan» jokatu zutela argudiatuta.

Manex Ralla eta Jose Angel Apaolaza, Altzako udaletxe zaharraren aurrean. (Argazkia: Lide Ferreira)
«Eraikin hau Altzako udaletxea izan zen. Gaur egun, Altza Donostiako parte da, baina, garai batean, Gipuzkoako udalerria zen, udaletxe eta guzti. 1821etik 1840ra bere administrazio propioa izan zuen eta, hain zuzen ere, eraikin zahar hau zuen egoitza. 1939ko azaroan, Altzako udal batzarrak, erregimen frankistaren babesean, Altza Donostiari anexionatzea sinatu zuen. 1940ko apirilean, anexionatu zen Altza hiriburura».
Halaxe dio Altzako udaletxe izan zen eraikinean Donostiako Udalak martxoan jarri zuen informazio panelak. Izan ere, aurten 75 urte betetzen dira Altza Donostiara anexionatu zela, eta udalak «Altza eta altzatarren nortasun eta berezitasunari egindako oroimen, omenaldi eta aitorpen moduan» jarri zuen garai batean udaletxean bertan ageri zen plaka.
Anexioaren 75. urtemugaren harira, Irutxuloko Hitza Manex Ralla eta Jose Angel Apaolaza altzatarrekin bildu da, jaien egun handian, San Martzial egunean, eta izen bereko plazan. Altzak 1940 urtera arte bere historia propioa izan duela defendatzen dute, eta historia hori jendeak nekez ezagutzen duela iruditzen zaie. Horregatik, urteurrena baliatuta, Altzako historia ezagutzera eman nahi dute, oroimen historikoa aldarrikatuz.
«Donostian zer esanik ez, baina Altzan bertan ere zenbaitek ez dakite Altza herri bat izan zela. Memoria historikoaren ildotik, garrantzitsua iruditzen zaigu kontatzea nola gertatu zen, noiz eta zein baldintzetan», adierazi du Apaolazak.
Aldundiarentzat, herri
1821. urtean, Donostiako Udalak Altzako kontzejuaren eskumena zeinena zen argitzeko eskatu zion Gipuzkoako Aldundiari. Donostiak ez ezik, Pasaiak ere interesa zuen eskumen horretan, baina aldundiak Altzak herri bat izateko izaera nahikoa zuela esan zuen. Hortaz, hiru urtez izan bazen ere, Altza herri independente bihurtu zen.
1870ean, aldundiak berriro ere Donostiako Udalaren eskaera bati erantzunez, Altzak nahikoa izaera zuela berretsi zuen. «Herriak garai hartako 1.000 pezetako soberakina, eskola, industria… eta beste hainbat ezaugarri zituenez, herri propioa izateko gai zela esan zuen aldundiak», azaldu du Rallak. 1870 urtetik aurrera, beraz, Altza desanexionatu zen berriro, eta 1923an herri titulua eman zioten.
Frankisten garaipenarekin, 1939ko azaroan, Altza Donostiara anexionatzeko akta sinatu zuten. «Modu erabat antidemokratikoan egin zuten. Altzan hautatu gabeko udal frankista bat zegoen, baita Donostian ere; beraz, soka berdinekoak zirenez, zenbait udalerri txikien elkartze prozesu bat bultzatu zuten. Altza Astigarragarekin batera Donostiara anexionatu zuten», nabarmendu du Apaolazak. Anexio aktaren arabera, etorkizunean Altza Donostiatik banatzeko aukera izango luke.
1940an anexioaren ekitaldia egin zuten, gaur egungo Intxaurrondon, Altza historikoa bezala ezagutzen den mugan –ikus eskuinean dagoen argazkia–. Gobernadore zibil Luis Rodriguez de Miguel eta Donostiako alkate Rafael Lataillade izan ziren bertan, gotzain, militar eta altzatarren artean. Ordutik, Altza Donostiaren barruan kokatzen da.
Politikoki ez ezik, Altza herria urbanistikoki ere desegin zela salatzen dute Rallak eta Apaolazak: «Eremu geografikoarekin gertatu dena aztertzen badugu, jendeak Altza bere kaskoa eta inguruaren eremuarekin lotzen ditu, baina herri izaera izan zuenean ez zen horretara mugatzen». Altza historikoak, zehazki, egungo Bidebieta, Intxaurrondo, Herrera, Larratxo eta Martutene bere mugen barnean zituen.
Rallaren arabera, Altzan komunitate zentzu bat badago: «zenbait ezaugarri ekonomiko, natural eta sozialek batu egiten gaituzte». Hala ere, azken urteotako hazkunde demografiko handiak eta azpiegituren eraikuntzek eremu geografikoa aldatu eta altzatarren arteko harremana mugatu dutela dio Apaolazak. «Saihesbideko irteera egin zutenean, Altza erabat moztu zuten; horrelako azpiegiturekin altzatarron arteko komunikazioa moztu zuten», salatu du Apaolazak.
Barruti bilakatzeko bidean
70. hamarkadako hirigintza «basati» horrekin, Altzan bertan diru sarrera handiak lortu zituztela azaldu dute Rallak eta Apaolazak: «Baina Donostiako Udalak ez zituen etekin horiek hemen inbertitu. Batzuek Altzan gauza asko egin direla pentsa dezakete, baina lortu zituzten diru sarrerekin alderatuta, ez du zerikusirik. Gure iritziz, Donostiak zor moduko bat du Altzarekin».
2011n Altzako barrutiari buruz aritzeko Donostiako Udalbatzak batzorde bat sortu zuen. Batzorde instituzional horren sorrerakin batera, beste batzorde paralelo bat osatu zuten Altzan, herritarren parte hartzea oinarri zuena. 2014ko maiatzean, Altzako hamahiru elkartetako hainbat ordezkarik agerraldi bat egin zuten Herreran, batzorde instituzionalak urratsik ez zuela eman salatzeko.
Legegintzaldia amaitzen ari zela, ordea, EAJ, PSE-EE eta PPk Donostia lau barrutietan banatzea erabaki zuten, barrutien araudia zehazten duen agiria onartuz.
Ekialdeko barrutia edo Altzako barrutia sortzen lehena izango dela adierazi zuten. «Gure planteamendua Altzako barrutian sakontzea zen, gurekin bazegoen prozesu bat, ibilbide bat, baina beste barruti batzuk sortuko zituztela esan zutenean, jokoz kanpo sentitu ginen», adierazi du Apaolazak.
Rallak azaldu duenez, herritarrek osatutako batzordean desadostasunak sortu ziren, eta batzorde horrek funtzionaltasuna galdu zuen: «Polita izan zen zenbat elkarte bildu ginen ikustea, lankidetza amankomunean aritu gaitezkela ikustea».
Une honetan, barrutien araudia nola jartzen den abian ikusi nahi dute, eta horren arabera erabakiko dute zer egin: «Ez dakigu zer gertatuko den, EAJk planteatzen zuen planean maiatzerako martxan egon beharko luke, baina oraindik ez dute ezer esan. Irailean egingo dutela entzun dugu».
Lurraldetasun historikoari erreparatuz, Apaolazak adierazi du udal taldeen proposamena oso antzekoa dela herritarrek planteatu zutenarekin. «Alde ona hori da, lurraldetasun aldetik nahiko sendoa dela. Martutene kanpo samar gelditzen da, baina zati handi bat errespetatu dutela uste dugu».
EAJk, PSE-EEk eta PPk adostutako proiektuaren arabera, udal ordezkariek eta herritarrek osatuko dute barrutiaren ordezkaritza, eta, eskumenei dagokienez, zirkulazioa, parke eta lorategien mantenua, azokak, ingurumena eta kultur jarduerak kudeatzeaz arduratuko lirateke barrutiak.
Baldintza hauek, baina, zehaztasuna falta zaiela pentsatzen dute Ralla eta Apaolazak: «Hirigintza, adibidez, ez da aipatzen eta gai horrek Altza bera izugarri markatu du. Ijentea kalean pentsatu dezaketena eta hemen pentsatu dezakeguna oso desberdina izan daiteke. Ziurrenik ez dute gure errealitatea ezagutzen». Hortaz, azken erabakiak Altzan bertan hartzea eskatzen dute; «pisuzko eskumenak» altzatarrei bideratzea, alegia.
AGUR FRANKISTA, ANEXIOA OSPATZEKO

Frankisten garaipenarekin, 1939ko azaroan, Altza Donostiara anexionatzeko akta sinatu zuten. 1940an, anexioaren ekitaldia egin zuten, egungo Intxaurrondon. Irudian, bertaratutakoak besoak altxata ari dira agur frankista egiten, gotzain eta militarren agindupean. Gobernadore zibil Luis Rodriguez de Miguel eta Donostiako alkate Rafael Lataillade ageri dira lehen lerroan.