(Argazkia: Maitane Aldanondo)
Baleazaleak, Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarra, Gran Soleko arrantzaleak… Amara Berriko kaleek lotura handia dute itsasoarekin, eta Kaian eta Añorgan bezala, karmenak ospatzen dituzte.
Karmentxu balea da Amara Berriko karmenetako ikurra, eta auzotarrak ostiralean hasiko dira festarako motorrak berotzen. Gregorio Ordoñez kalean festen pregoia irakurriko dute 19:45an, eta ondoren txupina piztuko dute, jaietako programari hasiera emanez.
Sardina jate herrikoia egingo dute gune berean.
Hurrengo astean, Karmen Egunarekin batera murgilduko dira berriz jai giroan.
Karmen Egunean auzoko arrain saltzaileak omenduko dituzte 10:30ean, auzoko kaleak zeharkatuko dituen dianarekin.
Ostiralean (uztailak 17) haurrentzako ikuskizun batekin hasiko dute arratsaldea, 18:00etan.
Poxpolo eta Konpainiak esketxez betetako ikuskizun bat eskainiko du Gregorio Ordoñez kalean. Ondoren auzoko danborrada aterako da kalera, Gau-Erdi txarangarekin. Gauean dantzaldi herrikoia egingo dute, eta zezensuzkoa aterako da.
Larunbatean (uztailak 18)
umeen eguna ospatuko dute. Amara Berriko txistulari taldeak auzotarrak esnatuko ditu 10:00etan, eta ondoren haurrentzako jolasak hasiko dira: makillaje tailerra, eta moto eta patinete lasterketa. Eguerdian
patata tortilla lehiaketa egingo dute ARCCO merkataritza gunean.
Igandean jaietako egitarauaren azken egunaz gozatuko dute. Goiza motor gainean pasatzeko geratuko dira 9:45ean Gregorio Ordoñez kalean. Gau-Erdi txarangak kaleak girotuko ditu 11:00etan hasita, eta auzoko helduak omenduko dituzte Marzelino Soroa plazan. Eguerdian auzotarrek jantzi onenak jantziko dituzte,
poteo elegantera joateko.
Arratsaldean longboard festa eta
bizkotxo lehiaketa egingo dute. Eta jada Karmentxuren agurrerako prestatzen hasiko dira amaratarrak. Danborradak auzoko kaleak girotuko ditu, eta Gregorio Ordoñez kalean, Karmentxuri agur esango diote, hurrengo urtea arte. Txanpainarekin topa egingo dute auzotar guztiek, eta lehiaketako bizkotxoa dastatuko dute.