(Argazkia: Nerea Lizarralde)
Larunbatean hasiko dira jaiak Añorgan, eta
oilasko biltzaileak izango dira goizeko lehen ordutik jai giroan bustiko direnak, auzoan zehar ibiliko baitira 08:30etik aurrera. Kirolzaleak ere goiz esnatuko dira,
Gazteen Krosa (09:30) eta
III. Añorgako Kross Herrikoia-n (10:00) parte hartzeko aukera izango dute eta. Koadrillen Eguna izanik, paella prestatzen hasiko dira eguerdian, bazkalordurako koadrilla guztiak elkartu eta elkarrekin bazkaltzeko. Bazkalostean, ohi bezala, argazki erraldoi bat egingo dute, koadrilla guztiak elkartuta. Arratsaldean
Zementonen jaitsierarako (19:10) prestatuko dira añorgatar guztiak. Jaietako pertsonaiari ongi etorria eman, eta bandera igoko dute,
Eonian elektro txarangaren musikaren erritmoan. Jolas Etxean elkartuko dira beriz koadrilla guztiak, elkarrekin afaltzeko, eta jaien lehen eguna Ingo Al Deu? taldearen emanaldiarekin bukatuko dute, dantzan.
Igandean
Jubilatuen Eguna ospatuko dute. Jose Manuel Iribar memorialaren finalak jokatuko dituzte, eta xakean ere jokatuko dute goizean. Eguerdian, meza nagusiaren ondoren,
Gure Kabia abesbatzaren emanaldiaz gozatuko dute, 12:15ean. Ondoren, denel elkarrekin bazkalduko dute Antxon Ayestaran kultur etxean, jubilatuen adiskidetasun bazkarian. Arratsaldean,
Arkaitz dantza taldeko kideak dantzatuko dira frontoian, 17:30ean.
Hurrengo asteazkena arte, Karmen Egunaren bezpera arte (uztailak 15), atseden hartuko dute añorgatarrek. Bezperan sardina jate herrikoia eta sagardo dastaketa egingo dute 19:30ean. Afal ondoren, eskuz binakako partida eta Joko Garbi partida.
Karmen eguna ostegunean (uztailak 16) ospatuko dute, eta hainbat jardueratan parte hartzeko aukera izango dute: haur eta helduentzako duatloi herrikoia (bote eta igela), herri soka dantza, haurrentzako eskalada ikastaroa… Arkaitz dantza taldeak brokel dantza egingo du frontoian, 18:00etan. Ondoren, bertsoez gozatzeko ordua iritsiko da.
Agin Laburu, Alaia Martin, Unai Gaztelumendi eta Izarne Zelaia bertsotan ariko dira frontoian, 19:30ean. Gauean ‘sorpresa jaialdia’ egingo dute, eta gaztetxean karaokean ariko dira.
Ostiralean (uztailak 17) umeak izango dira protagonista. Egun osoan zehar haurrentzako jolasak eta puzgarriak izango dira. Arratsaldean, 17:00etan, merienda goxoa prestatuko dute. Indarra hartu ondoren, ur jokoekin freskatuko dira.
Egan taldea zuzenean ariko da 19:00etan, frontoian, eta gauean ere berriz igoko da taula gainera, 23:00etan, auzotar guztiak dantzan jartzera. Añorgako zinearen kanpoaldean rock kontzertuak egingo dituzte:
Pelax & Cowboy Orchestra, Ganorabakuek eta Blaka ariko dira zuzenean, 01:00etan hasita.
Larunbatean
Gaupasa Eguna ospatuko dute. Erraldoi eta buruhandiak dianarekin batera aterako dira kalera goizean goiz, añorgatarrak esnatzera. Karabina tiroan onena zein den erakutsi beharko dute auzotarrek 11:30ean egingo duten txapelketan, eta ondoren bakailaoa prestatzen eta sagardoa dastatzen hasiko dira. Arratsaldean, haurren danborrada aterako da kalera (17:00etan) eta helduena, 20:00etan. Larunbateko gaua luzea izango da añorgatarrentzako. Iratzar taldearekin dantzan egingo dute 23:00etan. Ondoren, gaztetxean rock kontzertuak hasiko dira, eta musikak frontoian jarraituko du
Iratzar, La Jodedera eta Tajon Prieto y los Kuajalotes taldeekin.
Biharamuna goxatzeko hainbat jarduera egingo dituzte igandean.
Añorgako buruhandi eta erraldoien topaketa egingo dute goizean, baita
bolo tiraketa eta
patata tortilla lehiaketa ere. Eguerdian elkarteen arteko bazkaria egingo dute Jolas Etxean. Arratsaldean, bandera jaitsierarekin batera bukatuko dira Añorgako jaiak.
LARUNBATA 11, KOADRILLEN EGUNA
– 19:10 Bandera igoera Eonian elektro txarangarekin.
– 00:00 Dantzaldia frontoian.
IGANDEA 12, JUBILATUEN EGUNA
– 17:30 Dantza emanaldia frontoian: Arkaitz dantza taldea.
OSTEGUNA 16, KARMEN EGUNA
– 17:30 Brokel dantza frontoian, Arkaitz dantza taldearekin.
– 19:3o Bertso saioa frontoian: Agin Laburu, Alaia Martin, Izarne Zelaia eta Unai Gaztelumendi.
OSTIRALA 17, UMEEN EGUNA
– 23:00 Kontzertua frontoian: Egan.
– 23:00 Rock kontzertuak zine kanpoan: Pelax & Cowboys Orchestra, Ganorabakuek eta Blaka.
LARUNBATA 18, GAUPASA EGUNA
– 23:00 Kontzertuak frontoiam: Iratzar, La Jodedera eta Tajon Prieto y Los Kuajalotes.
– 00:15 Kontzertuak gaztetxean: Mundu Unplugs The Ramones.