Loiolako topoaren behin behineko geltokia. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Badirudi pixkanaka bide onetik doazela Loiolako Euskotreneko geltokiko lanak. Loiolatarren aspaldiko aldarrikapena da 2010ean hasitako obrak bukatzea, azken urteetan geldirik egon baitira. Azkenean, ordea, auzoa zeharkatzen duen trenbide zaharra itxi dute, eta joan den larunbatetik trenbide zati berritik ari dira igarotzen trenak. Hala, trenbide zaharrak kentzen ari dira, zati hori botatzeko, eta behin behineko geltoki bat dute orain loiolatarrek.
Zubibide berria altxa zuten obrei ekin zietenean, baina bukatu gabe dago, eta orain arte zaharretik igaro dira trenak. Oraindik ere, auzoan bi horma handi daude, bata bestearen ondoan, baina hurrengo hilabeteetan trenbide zaharra eraitsiko dute.
Eusko Jaurlaritzak ez zuen azken urteetako aurrekontuetan Loiolako geltokiaren lanetarako diru kopururik aurreikusi, eta horregatik geratu ziren obrak geldirik. Iazko abenduan, ordea, 2015eko aurrekontuetan obrekin jarraitzeko bi milioi euroko diru partida bat bideratuko zuela jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak; eta 2018. urtea bitartean 15 milioi euro emateko konpromisoa hartu zuen. Duela hilabete inguru, gainera, lanen bigarren zatia lizitatu zuten, hau da, geltoki berria egiteko eta ingurunea berritzeko lanak.