Liburu eta Disko Azokaren 40. ekitaldia abian da joan den ostiralaz geroztik, eta uztailaren 19a arte egongo da aukeran. Argitaletxe, liburu denda eta herritarren arteko topagune bilakatu da berriro.
Gipuzkoa plazan jarritako postuetako bat. (Argazkia: L.Ferreira)
Liburu eta Disko Azokaren 40. ekitaldian murgilduta dago hiria, uztailaren 19a arte. Ohi bezala, Gipuzkoa plaza izaten ari da azokaren erdigune, eta bertan izan da IRUTXULOKO HITZA, herritar, argitaletxe eta liburu dendetako langileekin hitz egiteko.
Bero handiarekin eman zion hasiera azokak duela astebete, eta horrek lehenengo eguneko salmentetan eragina izan zuen. «Bero honekin jende guztia hondartzan dago, eta pertsona gutxiago dabil kaletik», onartu du Elkarreko langile Saioa Etxabek. Hala ere, kalean bertan liburuak ikustea da herritarrak erakartzen dituena, eta aukera hori argitaletxe eta liburu dendek ezin dute pasatzen utzi. «Elkarrek berritasunak ekarri ditu bakarrik, eta azokan dauden liburu guztiek %10eko beherapena dute. Nik uste dut jendeak deskontu hori aprobetxatzen duela».
Etxaberen hitzetan, Paula Hawkinsen
La Chica del Tren izan zen lehenengo egunean gehien saldu zuten liburua. Mundu mailan arrakastatsua bilakatu den eleberri hau Euskal Herrian ezaguna egin da azkenaldian. «Gehienek udan irakurtzeko erosten dituzte liburuak, baina bat baino gehiagok ere beste pertsona bati oparitzeko asmoz egiten du erosketa», nabarmendu du Elkarreko langileak.
Groseko Berta Etxeberriak lehenengo eguna baliatu du berritasunak ezagutzeko, urtero bezala: «Uda edo negua izan, irakurtzeko ohitura daukat, eta azokak eskaintzen duena ikustea dut gogoko».
Bere aitak liburu denda bat du Pasaian, eta aitak berak gomendatutako
El arabe del futuro komikiaren bila hurbildu da azokara. «Espero dut komikia egotea; baina, aurkitzen ez badut, beste zerbait erosiko dut», onartu du Etxeberriak. Liburu elektronikorik ez du, eta ez dituela gustuko adierazi du: «Liburua eskuen artean edukitzea eta ikustea behar dut».
Familia bat, erosketa egin eta gero. (Argazkia: L.Ferreira)
Udan irakurtzeko
Jaione Yera bergaratarra bat dator paperak duen berezitasunarekin: «Elektronikoak ere irakurtzen ditut, baina aukeratzekotan ez dut zalantzarik, paperaren usain berezia nahiago dut». Azokaz azoka ibiltzeko ohitura du, eta Donostiara lagun batekin etorri da oraingoan. Udan irakurtzeko asmoarekin, «literatura erraza» bezala definitzen dituen bi liburu erosi ditu: «Astean zehar irakurtzen saiatzen naiz, baina, egun osoa lanean pasa ondoren, buruak ezin du gehiago; horregatik, gustuko dut asteburuetan edo uda partean irakurtzea». Izan ere, udan irakurriko du erosi duen liburuetako bat,
La lengua de los secretos. Gerra zibila du ardatz eta istorioa Euskal Herrian kokatzen da.
Helduek ez ezik, haurrek ere badute irakurketarako zaletasuna. Laida Heras sei urteko beasaindarrari bi liburu erosi dizkiote aurtengo azokan: «Irakurtzea asko gustatzen zait, baina nire ahizpa zaharrari gehiago. Logurerik ez duenez, irakurtzen egoten da eta gaueko hamabietan joaten da ohera!», azaldu du bekaizkeria apur batekin.
Bere aitarentzako Laidak irakurketarako grina hori izatea oso garrantzitsua da: «Normalean liburutegira joaten gara, eta handik hartzen ditugu liburuak; baina merezi duenean liburua erosten diogu».
Txalaparta argitaletxeko Irati Esparza pozik dago azokatik dabilen herritar kopuruarekin: «Jendea kaletik dabilela ikusten da, postuetan geratu egiten da eta galdetzen du. Azokak uztailaren 19a arte irauten duenez, askok begiratu egiten dute, eta beste une batean lasaiago etortzen dira erostera».
Haurrentzako liburuak, nazioartekoak, euskal literatura, feminismoa… Eskaintza zabala du Txalapartak, eta postuan dituen liburuen erdia euskarazkoa da; beste erdia, berriz, gaztelerazkoa. «Gaur, adibidez, saldu dugun guztia euskarazko eskaintza izan da».
Kaxilda liburu dendak lau urte daramatza azokan parte hartzen, eta salmentak mantentzen direla dio bertako langile Dario Malventik. Lehenengo egunean 30 liburu inguru saldu zituzten, «batez besteko on bat». Azokara ekarri dituzten liburuak ez dituzte Kaxildako apalategietatik atera. Biltegian dituztenekin eta berritasun batzuekin osatu dute eskaintza. Feminismoa, Euskal anarkismoa, pedagogia, arkitektura, gizarte mugimenduak, literatura… Orotara 942 liburu. Lehenengo bi egunetan Piotr Kropotkinen
La conquista del pan liburua agortu zen.
Kaxilda liburu dendara joaten den publikoa azokatik pasatzen denarekin ez duela zerikusirik azaldu du Malventik: «Azoka gure erakusleihoa da, eta oso ona da guretzat publiko desberdina izatea; gure eskaintzarekin nola erantzuten duten ikusteko aukera ematen digu, esaterako».
Kaxildako liburu asko ez dira edozein liburutegi edota liburu dendetan ikusten direnak; eta, horregatik, zenbait herritar ustekabean hartzen dute eskaintza. «Batzuk liburuek duten kalitateagatik zoriontzen gaituzte; beste batzuk espero ez dituzten idazle hispanoamerikarren liburuak hemen ikustearekin harritzen dira; eta badaude batzuk beldurtu eta alde egiten dutenak», adierazi du algara artean Malventik.
Idazlea eta sukaldaria
Azokan egunero izango dira idazleak beren liburuak sinatzen. Elkarren postuan aurkitu du IRUTXULOKO HITZAk Groseko Xabier Gutierrez idazlea. 25 urte daramatza Arzak jatetxean sukaldari bezala lan egiten, baina aldi berean idazten ere ibiltzen da.
Dagoeneko hemezortzi liburu argitaratu ditu. Hemezortzigarrena, bere lehen eleberria izan da,
El aroma del crimen. Donostian kokatuta, gastronomia eta suspentsea nahasten ditu liburuak, eta tetralogia baten lehen zatia da.
Eleberria irakurri duten herritarrak azkar ezagutzen dute Gutierrez Elkarreko postutik pasatzen direnean. «Sinatzen egongo zinela jakin izan banu, liburua ekarriko nukeen!», esan dio postuaren bestaldeko gizon batek. Elena Lopez eta Jon Gomez oreretarrek ere ezustekoa hartu dute Gutierrez ikusterakoan: «Ustekabean izan da! Liburua zertxobait ezagutzen genuen, eta gustuko ditugun hiru osagai elkartzen dituenez –Donostia, sukaldaritza eta eleberri beltza–, eleberria erosi dugu».
Idazleak atsegin handiz sinatu die liburua, eta horrelako jarduerak irakurketa sustatzeko ezinbestekoak direla azpimarratu du, «irakurketa kultura baita».
Hainbat ekitaldi antolatuko dituzte egunotan
Liburuz beteriko 38 postuak ez dira azokak eskaintzen duen bakarra. Ekitaldiak ere antolatu dituzte egunotarako, hainbat emanaldi eta liburu aurkezpenen bitartez.
Parte Zaharreko udal liburutegian, zenbait idazlek euren liburuak aurkeztuko dituzte, 11:00etan. Uztailaren 14an, Eduardo Iglesiasek Los elegidos eleberria aurkeztuko du. Hilaren 15ean, Antonio Perezek eta Felipe Vallek beraien liburuak aurkeztuko dituzte. Uztailaren 16an, Kepa Murua Tangoman liburuaz mintzatuko da. Azkenik, Kaxildak Andres Recio antzerkigilearen emanaldia eskainiko du uztailaren 17an, 19:00etan.