Añorgako festak hasiko dira bihar, jaietako pertsonaia nagusiaren jaitsierarekin. Herri lasterkera eta koadrillen bazkaria egingo dituzte arratsaldeko ekitaldiaren aurretik.

Zementon, Añorgako jaietako pertsonaia. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Añorgako jaiak larunbatean hasiko dira, eta oilasko biltzaileak izango dira goizeko lehen ordutik jai giroan bustiko direnak, auzoan zehar ibiliko baitira 8:30etik aurrera. Kirolzaleak ere goiz esnatuko dira,
Gazteen Krosa (9:30) eta
III. Añorgako Kross Herrikoian (10:00) parte hartzeko aukera izango dute eta. Horiexek izango dira antolatutako lehen jai jarduerak, irekiera ofizialaren aurreko orduak girotzeko. Koadrillen Eguna izanik, paella prestatzen hasiko dira eguerdian, bazkalordurako koadrilla guztiak elkartu eta elkarrekin bazkaltzeko. Bazkalostean, ohi bezala, argazki erraldoi bat egingo dute, koadrilla guztiak elkartuta. Arratsaldean,
Zementonen jaitsierarako (19:10) prestatuko dira añorgatar guztiak. Jaietako pertsonaiari ongi etorria eman, eta bandera igoko dute, Eonian elektro txarangaren musikaren erritmoan. Jolas Etxean elkartuko dira berriz koadrilla guztiak, elkarrekin afaltzeko, eta jaien lehen eguna Ingo Al Deu? taldearen emanaldiarekin bukatuko dute, dantzan.
Igandean,
Jubilatuen Eguna ospatuko dute. Jose Manuel Iribar memorialaren finalak jokatuko dituzte, eta xakean ere jokatuko dute goizean. Eguerdian, meza nagusiaren ondoren, Gure Kabia abesbatzaren emanaldiaz gozatuko dute, 12:15ean. Ondoren, denek elkarrekin bazkalduko dute Antxon Aiestaran kultur etxean, jubilatuen adiskidetasun bazkarian. Arratsaldean, Arkaitz dantza taldeko kideak dantzatuko dira frontoian, 17:30ean.
Bertsolariak, ostegunean
Hurrengo asteazkena arte, Karmen egunaren bezpera arte, hain zuzen ere, atseden hartuko dute añorgatarrek. Bezperan sardina jate herrikoia eta sagardo dastaketa egingo dute 19:30ean. Afal ondoren, eskuz binakako partida eta Joko Garbi partida. Karmen eguna ostegunean ospatuko dute, eta hainbat jardueratan parte hartzeko aukera izango dute: haur eta helduentzako duatloi herrikoia –bote eta igela–, herri soka dantza, haurrentzako eskalada ikastaroa… Arkaitz dantza taldeak brokel dantza egingo du frontoian, 18:00etan. Ondoren, bertsoez gozatzeko ordua iritsiko da.
Agin Laburu, Alaia Martin, Unai Gaztelumendi eta Izarne Zelaia bertsotan ariko dira frontoian, 19:30ean. Gauean sorpresa jaialdia egingo dute, eta gaztetxean karaokean ariko dira.
Ostiralean, umeak izango dira protagonista. Egun osoan zehar haurrentzako jolasak eta puzgarriak izango dira. Arratsaldean, 17:00etan, merienda goxoa prestatuko dute. Indarra hartu ondoren, ur jokoekin freskatuko dira. Egan taldea zuzenean ariko da 19:00etan, frontoian, eta gauean ere berriz igoko da taula gainera, 23:00etan, auzotar guztiak dantzan jartzera. Añorgako zinearen kanpoaldean rock kontzertuak egingo dituzte:
Pelax & Cowboy Orchestra, Ganorabakuek eta Blaka ariko dira zuzenean, 01:00etan hasita.
Larunbatean
Gaupasa Eguna ospatuko dute. Erraldoi eta buruhandiak dianarekin batera aterako dira kalera goizean goiz, añorgatarrak esnatzera. Karabina tiroan onena zein den erakutsi beharko dute auzotarrek 11:30ean egingo duten txapelketan, eta ondoren bakailaoa prestatzen eta sagardoa dastatzen hasiko dira. Arratsaldean, haurren danborrada aterako da kalera, 17:00etan, eta helduena, 20:00etan. Larunbateko gaua luzea izango da añorgatarrentzako. Iratzar taldearekin dantzan egingo dute 23:00etan. Ondoren, gaztetxean rock kontzertuak hasiko dira, eta musikak frontoian jarraituko du
Iratzar, La Jodedera eta Tajon Prieto y los Kuajalotes taldeekin. Biharamuna goxatzeko hainbat jarduera egingo dituzte igandean. Añorgako buruhandi eta erraldoien topaketa egingo dute goizean, baita bolo tiraketa eta patata tortilla lehiaketa ere. Eguerdian elkarteen arteko bazkaria egingo dute Jolas Etxean. Arratsaldean, bandera jaitsierarekin batera bukatuko dira Añorgako jaiak
Amara Berrin ere ospatuko dituzte karmenak, hilaren 19a arte
Baleazaleak, Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarra, Gran Soleko arrantzaleak… Amara Berriko kaleek lotura handia dute itsasoarekin, eta, Kaian eta Añorgan bezala, karmenak ospatzen dituzte. Karmentxu balea da Amara Berriko karmenetako ikurra, eta auzotarrak ostiralean hasiko dira festarako motorrak berotzen. Gregorio Ordoñez kalean festen pregoia irakurriko dute 19:45an, eta ondoren txupina piztuko dute, jaietako programari hasiera emanez.
Sardina jate herrikoia egingo dute gune berean. Hurrengo astean, Karmen egunarekin batera murgilduko dira berriz jai giroan. Karmen egunean auzoko arrain saltzaileak omenduko dituzte 10:30ean, auzoko kaleak zeharkatuko dituen dianarekin.
Azken txanpa indartsua
Datorren ostiralean, haurrentzako ikuskizun batekin hasiko dute arratsaldea, 18:00etan.
Poxpolo eta Konpainiak esketxez betetako ikuskizun bat eskainiko du Gregorio Ordoñez kalean. Ondoren auzoko danborrada aterako da kalera, Gau-Erdi txarangarekin. Gauean dantzaldi herrikoia egingo dute, eta zezensuzkoa aterako da.
Larunbatean, uztailak 18, Umeen Eguna ospatuko dute. Amara Berriko txistulari taldeak auzotarrak esnatuko ditu, 10:00etan, eta ondoren haurrentzako jolasak hasiko dira: makillaje tailerra, eta moto eta patinete lasterketa. Eguerdian patata tortilla lehiaketa egingo dute Arcco merkataritza gunean. Igandean jaietako egitarauaren azken egunaz gozatuko dute. Goiza motor gainean pasatzeko geratuko dira 9:45ean Gregorio Ordoñez kalean. Gau-Erdi txarangak kaleak girotuko ditu 11:00etan hasita, eta auzoko helduak omenduko dituzte Marzelino Soroa plazan. Eguerdian auzotarrek jantzi onenak jantziko dituzte,
poteo elegantera joateko.
Arratsaldean longboard festa eta bizkotxo lehiaketa egingo dute. Eta jada Karmentxuren agurrerako prestatzen hasiko dira amaratarrak. Danborradak auzoko kaleak girotuko ditu, eta Gregorio Ordoñez kalean, Karmentxuri agur esango diote, hurrengo urtea arte. Txanpainarekin topa egingo dute auzotar guztiek, eta lehiaketako bizkotxoa dastatuko dute.