Festa giroa izan dute Añorgan egun osoan; txapelketak frontoian, bazakaria, Eonian elektro txaranga... Astebeteko jaiak hasi dituzte gaur.

Festa aparta antolatu dute aste honetan Añorgako Jaietan. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Kuadrilen eguna ospatu dute gaur Añorgan, Karmengo jaiei hasiera emanez. Jaiak ofizialki arratsaldean hasi diren arren, goizeko lehen ordutik festa giroan eman dute añorgatarrek. Oilasko biltzaileekin hasi dituzte jaiak, eta ondoren, Gazteen Krosa eta III. Añorgako Kross Herrikoia egin dituzte.
Eguerdian bazkari oparoa egin dute kuadrilek,
paella jateko guztiak elkartu eta elkarrekin bazkalduta. Bazkalostean, ohi bezala, argazki erraldoi bat egin dute.
Dena den, arratsaldean hasi da benetako festa;
frontoian hainbat txapelketa egin dituzte, eta lehiaketak amaituta, kuadrilak hasi dira eskupilotan. 19:10ean iritsi da añorgatar guztiak itxoiten aritu diren unea,
Zementonen jaitsierarekin. Ordurako festa giroa nagusi zen Añorgan, eta
Eonian elektro txarangaren musikaren erritmoan etengabe dantzan ibili dira.
Eguraldi kaxkarra ez da oztopo izan añorgatarrentzat, izan ere, ohiko festa giro itzela izan dute arratsalde guztian zehar. Kultur etxean
ikurriña jarrita,
Jolas Etxean elkartu dira berriz kuadrilak, eta bertan elkarrekin afalduko dute. Ondoren, eguna ederki amaitzeko, Ingo Al Deu? Taldearen emanaldiarekin ibiliko dira dantzan.
Aste guztiko jaiak
Bihar,
Jubilatuen Egunarekin jarraituko dute Añorgako Karmenak. Hain zuzen ere, Jose Manuel Iribar memorialaren finalak jokatuko dituzte, eta xakean ere jokatuko dute goizean. Eguerdian, meza nagusiaren ondoren, Gure Kabia abesbatzaren emanaldiaz gozatuko dute, 12:15ean. Ondoren, denek elkarrekin bazkalduko dute Antxon Aiestaran kultur etxean, jubilatuen adiskidetasun bazkarian. Arratsaldean, Arkaitz dantza taldeko kideak dantzatuko dira frontoian, 17:30ean.
Aste guztian zehar egitarau oparoa antolatu dute Añorgan.