Gaur osatu dituzte Udal Batzordeak, eta bere proposamena ez dutela kontuan hartu salatu du EH Bilduk.
EH Bilduko bozeramailea Amaia Almirall, prentsaurreko batean. (Argazkia: Lide Ferreira)
Udal Batzordeak osatu dituzte gaur, eta EH Bilduko bozeramaile Amaia Almirallek balorazioa egin du, bere alderdiak aurkeztutako proposamenari entzungor egin diotela salatuz. Almirallen esanetan, udal gobernuak ez du errespetatu gainontzeko alderdien proportzioa, eta EAJk eta PSE-EEk batzorde nagusiak beraientzat gorde dituztela adierazi du.
EH Bilduk batzorde bakar bateko presidentetza lortu du, Kontratazioaren Kontrolerako eta Jarraipenerako Batzorde Bereziarena, hain zuzen ere. Presidentea
Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotzia izango da. Dena den, Almirallen esanetan, banaketa ez da proportzionala izan: “
EAJk eta PSE-EEk beraientzat gorde dituzte udal gobernuaren eguneroko lana kontrolatzen duten bost batzordeetako lehendakaritzak. EH Bilduko proposamen bat luzatu die bi alderdiei gaur goizean, banaketa proportzionalago bat proposatuz, baina ez diote minutu bat ere eskaini”.
Almirallen arabera, oposizioaren esku utzi dituzte bi batzorde bereziek ez dute gai garrantzitsurik kontrolatzen, eta gutxitan biltzen diren batzordeak dira: “Aldiz, udal gobernuaren esku utzitako batzordeak hilero elkartzen dira, eta funtsezko tresna dira udal jardunerako”.
Aurreko legegintzaldian, bost batzordetako presidentetzak oposizioaren esku izan zirela gogoratu du bozeramaileak: “Guk ez dugu esaten orain ere horrela izan behar duenik, baina gure ustez, batzorde horietako bat behintzat oposizioaren esku egon beharko luke. Tristea da gehiengo osoa duen udal gobernu batek oposizioari bost batzorde nagusietako presidentetza bakar bat ere ez ematea. Erabateko kontrola izan nahi omen dute EAJk eta PSE-EEk”.
Gasco: “PP izan da lehena EH Bildurekin paktua egiten”
Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramaileak Batzordeetako erabakien inguruan balorazioa egin nahi izan du ere, eta
PPren aurka egin du, bozketetan EH Bilduren alde bozkatu duelako. Gascoren esanetan, PP ez da koherentea izan, Espainiako Estatuan kritikatzen duena egin duelako Donostian, eta PSE-EE alderdiari “irain” egin diola salatu du: “Raxoiri eskatu nahi diot berarentzat ez dituen gomendioak ez ditzala besteei saldu. PPk paktua egin du gaur EH Bildurekin, inolako beharrik ez zuenean, eta Espainian paktuen inguruko beldurra saltzen du”.
Bestalde,
PPko bozeramaile Miren Albisturrek salatu du
Gascok demagogia egin duela bere adierazpenekin, eta ezin adierazi du ezin dela justifikatu oposizioa zokoratu izana batzordeen izendaketetan.