Eguzki talde ekologistak antolatu du irteera, Uliako Interpretazio Gunean Ulia-Jaizkibel itsas babesguneari buruz egin duen erakusketaren osagarri gisa.
Uliako itsasertza. (Argazkia: Eguzki)
Larunbatean, hilaren 18an izango da, nahi duenak parte har dezake, eta ez da beharrezkoa izena ematea aldez aurretik. Gidari-lanak
Jesus Mari Alquezar mendizale ezagunak egingo ditu. Hitzordua, berriz, 10:00etan izango da, Uliako Interpretazio Gunean. Interpretazio Gunean bildutakoak itsas aldera abiatuko dira. Hasieran, SL GI 33 eta Gipuzkoako Itzuliaren bidetik, baina berehala eskuinera jo eta topatuko dute “Uliako oihana”. Baso hori zeharkatu eta emisarioko bidera iritsiko dira. Bide horretatik behera, itsasoko eta labarretako ikuspegi aparta lortuko dute. Itsas ondoko bideari jarraituz, Taloi kobazulora iritsiko dira, Uliako Geoibilbidean. GR 121-Talaia Bidea ohiko bideari lotu eta
Kutralla iturrira iritsiko dira. Hortik, berriro ere oso bide ezezagunetik barrena, Erreginaren Talaiara iritsiko dira. Zaharberritu duten behatoki horretatik itsasoaren eta basoaren gaineko bista apartak daudela azaldu du Eguzkik, mendi buelta honen antolatzaileak. Ibilaldia Interpretazio Gunean bertan bukatuko da.
Interpretazio Gunean
hamaiketakoaz eta
solasaldiaz gozatu ahal izango dute parte-hartzaileek. Halaber, Eguzkik bertan paratu duen
erakusketa ikusteko aukera ere izango dute. Ozeana Fundazioak eta Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak Jaizkibel-Ulia itsas babesgunea izendatzeko proposamen zientifikoa egin zuten, eta proposamen hauxe du ardatz Eguzkiren erakusketak. Proposamenak aurreikusten du 13.000 hektarea inguruko itsas babesgune bat sortzea Jaizkibel eta Ulia ondoan. “Gobernu frantsesak Lapurdiko kostaldean dagoeneko hainbat itsas babesgune deklaratu dituela kontuan izanda, Donostia eta Biarritz bitartean 27.000 hektarea inguruko babesgune sarea sortuko litzateke. Atlantiko europarreko itsas korridorerik garrantzitsuenetakoa izango litzateke, baita aniztasun handienetakoa ere”, adierazi du Eguzkik.
Ibilaldiari buruzko informazioa
Eguna: Uztailak 18, larunbata.
Ordua: 10:00.
Lekua: Uliako Interpretazio Gunea.
Gutxi gorabeherako iraupena: Ordubete eta 45 minutu.
Erakusketari buruzko informazioa: Abuztuaren 30era arte zabalik, astearte eta igandera, biak barne, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.