Asteazken arratsaldean hasiko dira Kaiko karmenak.
Urtero egiten ditete omenaldia arrantzale zaharrei. (Argazkia: Mikel Goñi).
Añorgan eta Amara Berrin bezala, Karmengo jaiarekin bat egingo dute Kaian. Apar festan blai eginda hasiko dituzte jaiak, asteazken arratsaldean.
Korkonada herrikoia egingo dute ondoren -bakoitzak bere amua eraman beharko du-. Arrantzaleen iritsiera egingo dute 20:30ean, eta bertsolariak kantuan ariko dira kaia barrenean.
Sagardo eta sardina dastaketa egingo dute 21:00etan, baina zerbait dastatu ahal izateko jaietako zapia jantzita eraman beharko dute bertara joaten direnek. Jaien lehen eguna guateke batekin amaituko dute.
Ostegunean Karmengo eguna ospatuko dute, jaien egun handia. Egun honetan piztuko dute jaietako txupina, Portaletan.
Arraun Lagunak taldeko emakumeek izango dute aurten txupina jaurtitzeko ohorea., 20:30ean. Goizean, haurrentzako puzgarriak jarriko dituzte, eta denen artean karramarro erraldoi bat margotuko dute, jaietako pertsonaia irudikatuz. Eguerdian, arrantzaleen omenezko meza egingo dute, eta omenaldia jasoko dute elizan. Kresala dantza taldeak euskal dantzak dantzatuko ditu Kaian. Gauean
Etsaiak eta Gatillazo taldeen hardcore eta punk doinuekin gozatuko dute musika zaleek.
Ostiralean Gazte eguna ospatuko dute. Groseko festazaleekin bat egingo dute Kursaal zubian, 12:30ak aldera. Epe berean ospatzen dituzte jaiak, eta tradizio bihurtu dute senidetze ekitaldia egitea. Gazte bazkaria egingo dute 14:30ean, eta arratsaldean kukainan jolasten arituko dira. Elektro txarangak berriz ere festarako motorrak berotuko ditu. Gauean kontzertuekin gozatzeko unea helduko da.
Laiotz, Las cenizas de Tesla, ElhijodelaMarily, Kenitra eta Selektah Stepi izango dira Kaia musikaz betetzen.
Kaiko Karmengo jaien egitaraua.
Larunbatean buruhandi eta erraldoiekin aterako dira kalera, eta joaldun eta txistulariekin jarraituko dute kalez kale. Eguerdian kantu jira egingo dute, 12:30ean. Denok elkarrekin bazkalduko dute 14:30ean, herri bazkarian. Arratsaldean helduen danborrada irtengo da kaiarribatik, 18:30ean. Gauean, zezensuzkoa atera ondoren, berbena hasiko dute
Trakets taldearekin.
Igandean esango diete agur Kaiko jaiei. Goizean
Aita Mari marinelari lore eskaintza egingo diote, eta eguerdian, txistulariek emanaldi bat egingo dute elizan. Ondoren, sagardoa dastatzeko aukera izango da, eta tortilla lehiaketa hasiko dute auzotarrek. Arratsaldean ere berriz lehiatuko dira. Mojito onena nork prestatzen duen erakutsi beharko dute parte hartzaileek. Lehiaketaren ondoren
mojito festa egingo dute, eta mozorrotuta joatera deitu dituzte festazaleak. Zuzeneko musikarekin bukatuko dira jaiak, 19:00etan kontzertuak egingo baitituzte Kaian.