Amarako txirrindulariak ongi merezitako saria lortu du, hiru egunetan ihesaldian sartu ostean
Donosti Berriko Mikel Sarasola, itzuliko etapa batean.
Azken bi urteetan Gipuzkuako Itzuliko protagonista nagusia izan da
Donosti Berri Txirrindulari Taldeko Mikel Sarasota. Aurten oso lan ona egin du, eta itzuliko hiru etapetan ihes eginda ibili ostean, azkenean amaratarrak merezitako garaipena lortu zuen itzuliko azken etapan, Tolosan. Fullgas Sport taldeko kidea da Sarasola eta 17 urte ditu, eta Gipuzkoako Itzuliko Mendiko Saria ere bereganatu du.
Zorte txarra izan du hasieran
Olaberrian jokatu zuten itzuliko lehen etapa, eta ez zuen batere zorte onik izan Sarasolak. Izan ere, lehenengo kilometroetan gurpila zulatu zitzaion, eta berarekin gelditu ziren hainbat taldekide, berriz ere tropelean sartzeko. Ondoren, ihes egin zuen, baina Olaberriako mendatean bidez nahastu zen, eta tropelean bukatu zuen berriro ere. Azkenean ,21. postuan sailkatu zen, eta bere atzetik sartu ziren Iñigo Etxarri intxaurrondoarra (35) eta Aitor Martinez altzatarra (94).
Itzuliko bigarren etapan, Andoainen, tenperatura altuei aurre egin behar izan zieten txirrindulariek. Tarteko helmugetarako sarirako lehian, Sarasolak ihesaldi bat egin zuen eta Andazarratetik igarotzen lehena izan zen. Donosti Berriko onena Iñigo Etxarri izan zen (20) eta atzerago geratu zen Sarasola (36).
Azken etapan, Tolosan, berriz ere eguneko ihesaldian sartzea lortu zuen Sarasolak, eta konturatzerako 2 minutuko aldea lortu zuten tropelarekiko. Bertan zegoen Aitor Martinez taldekidea ere, eta poliki-poliki taldea murrizten joan zen, eta Leaburuko aldapetara hiruko talde bat iritsi zen: Sarasola bera, Euken Gallego eta Mikel Paredes. Amarako txirrindularia izan zen indartsuena eta Leaburun azken erasoa eman zuen, helmugan bi besoak altxatuz.