Emakume eta berdintasunarekin lotutako elkarteek 43.000 euro jasoko dituzte, eta bizilagunen elkarteek berriz, 36.500 euro.
PSE-EEko zinegotzi Duñike Agirrezabalagak elkarteen dirulaguntzak zehaztu ditu. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Elkarteen dirulaguntzen inguruan bere lehen prentsaurrekoa egin du Auzoetako eta Deszentralizazioko, Erantzunkidetasun Zibikoko, Berdintasuneko eta Lankidetzako zinegotzi
Duñike Agirrezabalagak. Horrela, zinegotziak adierazi du
80.000 euro bideratuko dituztela emakumen eta berdintasunarekin lotutako elkarte eta bizilagunen taldeetara.
Agirrezabalagaren esanetan, diru horrekin
24 proiektu babestuko dituzte. Hala, emakume eta berdintasunarekin lotutako hiriko elkarteei
43.000 euro eskainiko dizkiete, eta bizilagunen elkarteei berriz,
36.500 euro. Diru horren %70 jasoko dute elkarteek, eta beren jarduerak egiaztatzen dituztenean emando diete gainontzeko dirua.
Zinegotziak nabarmedu du bi elkarte mota horiek babesten jarraitzeko asmo irmoa duela udalak, emakumeen aldekoak berdintasuna lortzeko laguntzen dutelako, eta bizilagunenak udala eta herritarren arteko harremanak lotzen laguntzen dutelako: “Emakumeen aldeko elkarteak ezinbestekoak dira gure eskubideak babesten laguntzeko, eta bizilagunenak berriz herritarrekin zuzenean komunikatzeko lana errazten dute. Beraz, adostutako dirulaguntzek elkarte horien mantenurako bideratuko ditugu”.
Horrela, emakumeen aldeko elkarteen kasuan, zinegotziak nabarmendu du dirulaguntzak jasoko dituztela sexu indarkeria nerabeetan lantzen duten elkarteei, eta baita amatasuna, enpoderazioa, generoa eta bestelako tailerrak lantzen dituztenei.