Altzako kiroldegiaren etorkizunaz galdetu du EH Bilduk
Alderdiak hiru interpelazio jarriko ditu; kezka agertu du hainbat gairen inguruan.
EH Bilduk hiru interpelazio aurkeztu ditu gaur, udal gobernuari azalpenak eskatuz. Horrela, Altzako kiroldegiaren etorkizunaz galdetu du EH Bilduko zinegotzi Josu Ruizek. Amara Berri eta Egiako merkataritza sustatzeko plangintzaz ere galdetu du, eta baita hondartzan futbolean berdintasuna sustatzeko neurriez ere.
Ruizen esanetan, udal gobernu berriak ez du argitu Altzako kiroldegi berriaren proiektua aurrera doan, eta interpelazioa egin dio Enrique Ramos Hirigintza, Etxebizitza eta Hiriarentzako proiektu zinegotziari, berrikuntzaren egoeraz erantzun dezan Gune Publikoetako Batzordean. Zinegotziak azaldu duenez, aurreko legegintzaldian Altzako kiroldegi berriaren oinarrizko proiektua eta exekuzio proiektua egiteko ideia lehiaketaren oinarriak onartu ziren 2014ko martxoaren 14an. Lehiaketak hiru hilabeteko gehieneko epea ezarri zuen oinarrizko proiektua egiteko, eta beste lau, exekuzio proiektua egiteko oinarrizko proiektua onartzen denetik zenbatzen hasita.
Kiroldegia eraberritzeko oinarrizko proiektua Chocarro, Herranz, Tabuenca eta Leachek osatutako UTEari esleitzea erabaki zuten 2015ko urtarrilaren 9an. Kontratuaren esleipena 2015ko urtarrilaren 14an jakinarazi zen, eta
UTEak, 2015ko otsailaren 6ko idatziz, epea etetea eskatu zuen, partaidetza prozesua abian zelako. Hori dela-eta, epea maiatzaren 4ra arte luzatu zieten.
Ondoren, partaidetza prozesuari esker, waterpolo eta gimnasia erritmikoa praktikatzeko beharrezkoak diren ezaugarriak gehitu zituzten proiektuan. Azken prozesu horren harira, Ruizek adierazi du EAJk eta PSOE-EEk sinatutako akordioan ere bi kirol hauetarako azpiegiturak jartzea aurreikusi dutela, aurreko proiektuan dagoeneko aurrikusita egon arren: “Ulertezina da, aurreko Udal Gobernuak partaidetza prozesu baten bitartez onartutako proiektua delako”.
Zinegotziaren arabera, exekuzio proiektua oinarrizko proiektua onartu eta lau hilabeteko epearekin aurkeztu behar da: “Dena den, oraindik ez dakigu epeak betetzen ari diren ala ez. Gogoratu behar da aurreko gobernuaren programaren arabera, abendurako exekuzio proiektua aurkeztua beharko lukeela, obren esleipena 2016ko urtarrila-otsailean egiteko eta obrak ekainean hasteko. Beraz, Altzarentzako oinarrizko proiektu hau zertan den jakin nahi dugu”.