Baikor dago Bera Bera Eskubaloiko entrenatzailea denboraldi berriari begira, lanerako gogoz, eta indartsu

Eider Rubio, Montse Puche eta Tati Garmendia, Bidebietan egin duten agerraldian. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Joan den denboraldiaren hondarrean iritsi zen
Montse Puche Donostiara, eta Aitor Etxabururen lekukoa hartu zuen
Bera Bera Eskubaloiko entrenatzaile postuan. Datozen bi denboraldietarako kontratua sinatu du Puchek klubarekin, eta lanerako gogoz dagoela argi utzi du gaurko agerraldian. Hala, 2015-2016 denboraldirako osatu duten taldearekin “oso pozik” dagoela adierazi du Madrileko entrenatzaileak, Bidebietan egindako agerraldian: “Defentsan koska bat jaitsi dugu, baina erasoan hiru igo ditugu”.
Eider Rubio taldeko jokalari ohia izango du laguntzaile gisa, bigarren entrenatzaile eta delegatu lanak eginez, urtebetez behintzat. “Taldeak azkartasuna berreskuratu zuen Montse iritsi zen ligako azken partidetan. Ni pozik nago, eta ikasteko gogoz”, aipatu du Rubiok.
Sekula baino lehenago ekingo dio
denboraldi aurreko prestaketari taldeak. Zehazki, uztailaren 30erako deitu du Puchek lehen entrenamendu saioa, 10:30ean, Gaska kiroldegian. Gainera, norgehiagoka ofizialak hasi aurretik, lagunarteko hainbat partida lotuak dituzte jada. Hala, prestaketaren barnean, Frantziara bidaiatuko dute, eta txapelketa bat jokatuko dute bertan. Bestetik, uztailaren 26an, Egian txapelketa txiki bat ere jokatuko dute. Denboraldi aurreko prestaketa horretan, harrobiko bost jokalari egongo dira taldearekin batera: Eider Lizarbe, Maialen Usillos, Olatz Ramon, Lur Errekondo eta Udane Rodriguez.
Lehia ofizialei dagokienean, nahikoa erronkari aurre egin beharko die taldeak. Hala, abuztuaren 29an
Superkopa jokatuko du Bera Berak, eta ondoren, irailaren 5ean izango du
ligako lehen partida. Europari begira ere prestatu beharko da taldea,
EHF Kopa jokatuko baitu; oraindik, ordea, ez dakite zein aurkari izango dituzten, zozketa uztailaren 21ean egingo baitute. Azaroan sartuko litzateke Bera Bera EHFn, eta lehen fasea igarotzea jarri dute helburu gisa.