Udako argazki lehiaketa abian jarri du Dbusek
Instagramen bidez parte hartu daiteke, #dbusUDA traola erabilita.
Dbusek, Fnac-en laguntzarrekin, Bizi Donostia! argazki lehiaketa abian jarri du. Bigarren edizioa izango da, 2013an egin baitzuten lehiaketa lehen aldiz. Dbuseko zuzendari Igor Gonzalezen esanetan, garraio publikoaren erabilera islatuko du lehiaketak. Gaur aurkeztu dute, Mugikortasun zinegotzi Pilar Arana eta Fnac-eko ordezkariarekin batera.
Hain zuzen ere, gaur hasi da lehiaketan parte hartzeko aukera, eta irailaren 15a arte bidali daitezke argazkiak. Instagram, Twitter eta Facebooken garatuko da lehiaketa, sare horien bidez zabaldu beharko baitira argazkiak. Horrela, lehen pausua Dbusen Facebookeko orrialdearen jarraitzaile bihurtzea izango da; ondoren, argazkia igo beharko da norberaren Instagram kontuan, #dbusUDA traola erabilita, eta azkenik, argazkia zabaldu beharko da norberaren Facebook eta Twitterrean, traola berdinarekin.
Argazkiek ez dute zertan Dbusekin lotuta egon behar, gai libreko lehiaketa baita, baina Donostiarekin zer ikusia izatea eskatu dute antolatzaileek. Irailan, jasotako argazki guztien artean 27 aukeratuko ditu udaleko, Fnac-eko eta Dbuseko ordezkariekin osatutako epaimahaiak, eta horietatik 3 onenek sari oparoak jasoko dituzte.
-Lehen saria: Argazki kamera digital hibridoa eta Dbusen bidaiatzeko sei hilabeteko txartela.
– Bigarren saria: Argazki kamera konpakta eta Dbuse bidaiatzeko hiru hilabeteko txartela.
– Hirugarren saria: Argazki kamera lomografikoa eta bi hilabeteko txartela.
Gainera, beste hiru argazki aukeratuko dituzte, aipamen berezia egiteko. Egile horiek hilabete bateko bidai txartela jasoko dute, eta baita Fnac-eko bazkide txartela ere.
Sariak irailaren 26an banatuko dituzte, Forum Fnac-en, eta finalera iritsitako argazkiak Dbusen irudi izateko aukera izango dute, kanpainetan erabiltzeko. Gainera, autobusetako monitoreetan erakutsiko dituzte.
Lehiaketaren oinarriak Dbuseko webgunean daude eskuragarri.