Arrain saltzaileak omendu dituzte Amara Berrin
Karmengo jaien barruan egin diete omenaldia; hamalau arraindegitako langileek lore sorta eta zapi bana jaso dituzte.

Todo Todo dendako arrain saltzailea, Amara Berriko Auzo Elkarteko bi kiderekin. (Argazkia: Lide Ferreira)
Ezustean, gehienak
Honela, gaurkoan, hamalau arraindegitako arrain saltzaileei egin diete bisita: Todo Todo, Eroski, Gainza, David, Mañoli, Super Amara, Mertxe, Saizak, Gorka, Isabel, Ortigala, Akamar, Urkatx eta Arostegi. Loreak eta zapiak eskaintzeaz gain, arraindegi bakoitzaren kanpoaldean txupina bota dute. Arrain saltzaile batzuk bazekiten gaurkoan zerbait berezia gertatuko zela, baina gehienak ezustean harrapatu ditu omenaldiak. “Goizean auzo elkarteko kide bat etorri da, eta 10:30etik 12:30era arraindegitik ez mugitzeko esan dit. Harrituta gelditu naiz, eta hamaiketako bezala sardinak edo ekarriko zidaten galdetu diot. Baina ez nuen espero!”, azaldu du pozik David Luna arrain saltzaileak. Todo Todoko Igone Arrizabalagak bazekien bisita egingo ziotela, baina ez zuen pentsatzen horrelako ekitalditxoa izango zenik: “Horrelako omenaldirik ez didate inoiz egin, eta oso polita izan da bizitzea. Zapia jarriko dut!”. Eroskiko arrain saltzaile Maite Pellejerok omenaldiari esker izugarrizko giroa sortu dutela esan du: “Bezeroak ere ezustean harrapatu ditu, eta gu oso pozik gaude. Horrelako gauzak berreskuratzea eta gurekin gogoratzea asko estimatzen dugu”. Maria Jesus Otaegi eta Maribel Marcelo hunkitu dira unearekin eta hainbeste urte arraindegian eman eta gero horrelako omenaldiak asko eskertzen dituztela adierazi dute. “Oilo ipurdia jarri zait txistulariak eta auzo elkarteko kideak niregana etortzen ari zirela ikusi dudanean”, aitortu du Marcelok. Super Amarako arrain saltzaileei omenaldia egin ondoren, bertakoek hamaiketakoa eskaini diete auzo elkarteko kideei. Azken geldialdia Arostegi arraindegian egin dute, oraingoan bai, xanpaina botilarekin. Izan ere, Arostegin lan egiten duten bi arrain saltzaileak auzo elkartearen parte dira, eta omenaldirik bereziena beraiei eskaini nahi izan diete.










































