Amara Berriko arrain saltzaileak omendu dituzte, auzo elkarteak antolatuta, Karmengo jaien barruan; Kaiko elizan eta udaletxean, berriz, arrantzale ohiei egin diete ohore

Amara Berriko auzo elkarteko kideak, arraindegiz arraindegi egindako bisita abiatu aurretik. (Argazkia: L. Ferreira)
Karmengo Amaren eguna izan zen ostegunean, eta, arrantzale ohiei egin ohi zaien omenaldiaz gain, Amara Berrin ekitaldi berezi bat prestatu zuten: auzoko arrain saltzaileei ohore egin zieten lehen aldiz. Amara Berriko auzo elkarteak antolatu zuen, Karmengo jaien barruan.
Hain zuzen ere, omenaldia hasi baino ordu erdi lehenago Arostegi arraindegian elkartu ziren auzo elkarteko hainbat kide. Bertan gordeta zituzten lore sortak eta zapiak hartu eta auzo elkartearen egoitzara joan ziren, ondoren arrain saltzaileei eskainiko zieten aitortza prestatzera. Lore sortak hamalau multzotan banatu, eta sorta bakoitzari Amara Berriko Karmengo jaien zapia jarri zioten. Dena prest izan zutenean, arraindegiz arraindegi ibili ziren, txistularien laguntzarekin, eta ingurutik pasatzen ziren auzotarren begiradapean.
Auzo elkarteko kide Nerea Albisuk Irutxuloko Hitzari azaldu zion Iñaki Olasagasti presidentearen ideia izan zela arrain saltzaileak omentzea: «Auzo elkartekoak asteazkenero biltzen gara, eta egun batean Iñakik Karmengo Amaren egunean zerbait egin behar zela esan zigun».
Amara Berriko Karmengo jaiek hemeretzi urte egiten dituzte aurten, eta lehenengo aldia da egun handi honetan horrelako omenaldirik egiten dutela. «Auzotar askok esaten zidaten: ‘Karmengo egunean zer? Ez duzue ezer egiten?’. Orduan, horrekin pentsatzen hasi eta omenaldiarena bururatu zitzaidan», adierazi zuen Olasagastik berak.
Hasieran auzoko arraindegi guztiak bisitatu, xanpaina botila eraman eta arrain saltzaileekin topa egitea pentsatu zuten. «Baina ideia horrek arrisku bat zeukan: auzo elkarteko kideak hainbeste edan ondoren gaizki ibiliko ginen!», esan zuen Olasagastik, algaren artean. Hortaz, xanpaina alde batera utzi, eta lore sorta eta zapi bana ematea polita izan zitekeela iruditu zitzaien kide guztiei. «Jaietan beti joaten gara merkatariengana laguntza eske, baina gaur guk eman nahi diegu zerbait», esan zuen Albisuk.
Honela, ostegunean, auzoko hamalau arraindegietako arrain saltzaileei egin zieten bisita: Todo Todo, Eroski, Gainza, David, Mañoli, Super Amara, Mertxe, Saizar, Gorka, Isabel, Ortigala, Akamar, Urkatx eta Arostegi. Loreak eta zapiak eskaintzeaz gain, arraindegi bakoitzaren kanpoaldean txupina bota zuten.
Arrain saltzaile batzuk bazekiten ostegunean zerbait berezia gertatuko zela, baina gehienak ezustean harrapatu zituen omenaldiak. «Goizean auzo elkarteko kide bat etorri da, eta 10:30etik 12:30era arraindegitik ez mugitzeko esan dit. Harrituta gelditu naiz, eta hamaiketako bezala sardinak edo ekarriko zidaten galdetu diot. Baina ez nuen espero!», azaldu zuen pozik David Luna arrain saltzaileak.
Todo Todoko Igone Arrizabalagak bazekien bisita egingo ziotela, baina ez zuen pentsatzen horrelako ekitalditxoa izango zenik: «Horrelako omenaldirik ez didate inoiz egin, eta oso polita izan da bizitzea. Zapia jarriko dut!». Eroskiko arrain saltzaile Maite Pellejerok omenaldiari esker izugarrizko giroa sortu dutela esan zuen: «Bezeroak ere ezustean harrapatu ditu, eta gu oso pozik gaude. Horrelako gauzak berreskuratzea eta gurekin gogoratzea asko estimatzen dugu». Maria Jesus Otaegi eta Maribel Marcelo hunkitu ziren. «Oilo ipurdia jarri zait txistulariak eta auzo elkarteko kideak niregana etortzen ari zirela ikusi dudanean», aitortu zuen Marcelok.
Meza eta dantza
Karmengo Amaren eguna Kaian ere ospatu zuten, San Pedro elizan egindako ohiko mezarekin. Arrantzale ohiak omendu zituzten bertan, eta dantzariek horien aurrean egin zuten dantza, elizkizuna amaituta. Elizara joan aurretik, arrantzale ohiak udaletxean izan ziren. Kasu honetan, udalak egin zien ohore. Polemika ez zen falta izan. EH Bilduk EAJ eta PSE-EEren udal gobernua kritikatu zuen, udal talde guztiak omenaldira ez gonbidatzeagatik.