Amaia Almirallek bi interpelazio aurkeztu ditu, hizkuntza irizpideak errespetatu daitezen.

Euskararen erabilera bermatzeko eskatu du EH Bilduko bozeramaile Amaia Almirallek. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Euskararen erabilera udalean errespetatzen ote den kezka agertu du gaur EH Bilduk. Aurreko legegintzaldian hizkuntza irizpide batzuk ezarri zirela gogoratu du gaur
EH Bilduko bozeramaile Amaia Almirallek, eta gobernu aldaketa egin zenean irizpide horiek errespetatuko zirela adierazi arren, dagoeneko euskara gutxiesten duten zantzuak aurkitu dituzte.
Almirallen esanetan, oraindik goiz da euskararen erabilera urratu diren kasu guztiak salatzeko, baina jaso dituzte batzuk, eta kontuak eskatuko dituzte datorren udalbatzarran: “Gure alderdia kezkatuta dago, EAJ eta PSE-EEren hizkuntza erabilerarekin; hizkuntza normalizazioan, inongo atzerapausorik ezin dugu eman, soilik aurrerapausoak eman behar dira”.
Horrela,
bi interpelazio egin dizkio Almirallek Eneko Goia alkateari, euskararen erabilera behar bezala bermatu dezan. Hain zuzen ere, dagoeneko urraketak egon direla salatu du zinegotziak: “Euskararen erabilera behar bezala bermatuta ez dagoela pentsatzeko zantzuak daude, eta are gehiago, udal gobernuak euskara bazterrean utzi izanaren adibide bat badugu dagoeneko”.
Adibide horren frogak aurkeztu ditu EH Bilduk; duela aste batzuk, ekainaren 30ean, Eneko Goia alkateak harrera egin zien udaletxean
Atletico San Sebastianeko nesken softbol taldeari. Taldeak txapelketa irabazita, alkateak
plaka bat eskaini zien, eta bertan, soilik gaztelerazko mezua irakurri zitekeen:
“Al equipo de Softbol Atletico San Sebastian, Zorionak por vuestro primer y no último triunfo en la liga”.

Softbol taldeari udalak eskainitako plaka. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Almirallek salatu du,
euskara baztertuta gelditu zela egun horretan: “Udal gobernuak emandako plaka horretan, Donostiako hizkuntza irizpideak ez ziren bete; alkateari galdetu nahi diogu zergatik baztertu zuten euskara egun horretan”.
Egunerokoan ere irizpideak urratuta
Horrez gain, Almirallek gogoratu du udaleko
zinegotzi guztiak ez direla euskaldunak, eta horrek arazoak sor ditzakeela adierazi du: “Gaur egun, udal gobernukide guztiak ez dira euskaldunak, eta hori kezka sorburu bihurtu da, barrura zein kanpora begira, hiriak onartuak dituen hizkuntza irizpideen erabilerari dagokionez. Horregatik,
EH Bilduk bi galdera hauek egin dizkio Eneko Goia alkateari: Nola ziurtatuko dute bi hizkuntzen erabilera, Donostiako udalerriaren irizpideen baitan, ahozkotasunari dagokionez, herritarrekiko tratu zuzenean? Eta, nola burutuko dira bilerak hiritar euskaldun eta gobernukide erdaldunen artean? Zer gertatuko da udalean euskaraz lan egiten ari diren atalekin -Euskara Zerbitzuarekin, adibidez- berezko zinegotzia (Miren Azkarate) ez dagoenean, eta berari dagokion ordezkoa (Juan Ramon Viles) erdalduna izanik?”.
EH Bilduko zinegotziaren ustez,
normalizazioan orain arte egindako bidea jarraitu behar du udalak: “Gaur egun, hizkuntza normalizazioan pausoak ematea da erronka nagusia. Eta, hain zuzen ere, Donostiako Udalak, norabide horretan, lan sakona eta handia egin du”. Aurreko legealdian euskararen erabilerari bultzada handia eman zitzaiola gogoratu du Almirallek, eta atzerapausorik ez egiteko eskaera egin dio udal gobernuari, oraingo egoerari eustearekin ez dela nahikoa adieraziz: “EH Bilduk ez du euskararen normalizazioan atzera pausorik onartuko”.