Metroari buruz gizarte eztabaida bat sustatzeko eskatu diote Jaurlaritzari
Hainbat herritar, elkarte eta eragilek agerraldia egin dute gaur, Donostialdeko Metroari buruzko egitasmoarekin kezkatuta. Easo plazako geltokiaren aurrean elkartu dira, eta proiektua inguratu duen «ilunkeria» eta «informazio gabezia» salatu dute. Izan ere, herritarrek azken unean erantzun izan ez balute, alegazioak aurkezteko epea oharkabean pasako litzatekeela nabarmendu dute. Hain justu, erantzun horrek 400 alegaziotik gora aurkezteko aukera eman du, eta horietatik gehienek gaurko agerraldian aldarrikatutakoa eskatu dute: proiektuaren izapideak etetea, gizarte eztabaida bat sustatu dezaten.
Metroaren gaiari heltzeko sortutako herritar taldeko ordezkari Mikel Alonsok eta Fatima Aristimuñok hartu dute hitza. Parte hartze publikoa «larriki» kaltetu dutela berretsi dute, euren hitzetan, egitasmoaren erakusketa publikoa egiteko garaia eta aztertzeko emandako denbora ez direlako egokiak izan. Azken adibide bat jarri dute: alegazioak aurkezteko epea uztailaren 21a arte luzatu dute, udalak eskatuta, baina, nahiz eta uztailaren 3tik luzapena indarrean egon, horren berri duela egun gutxi izan dute, prentsaren bitartez.
Hala ere, herritarren erantzuna sendoa izan dela adierazi dute, bai aurkeztutako ehundaka alegazioengatik, baita egunotan egindako bilera kopuruarengatik ere. Hurrengoa astelehenean egingo dute, Amara Bai elkartearen egoitzan, 19:00etan. Herritarrei egin diete dei, alegazioak aurkezteko epea amaituta, zein bide jarraitu erabakitzeko. Ideiak eta ekarpenak jaso nahi dituzte, kezka handia dagoela jakin badakitelako.
Egitasmoak Metroa lurperatzea aurreikusi du, eta hiru geltoki eraikitzea: Easo, Antigua-Benta Berri eta Erdialdea-Kontxa. Eusko Jaurlaritzaren Aldizkari Ofizialak gaur bertan argitaratu ditu ibilbidearen proiektua idazteko xedapenak. Hain zuzen ere, lizitatuko luketen ibilbideak 4,2 kilometroko luzera izango luke.