Organik eta Rouge Elea konpainiak aukeratu dituzte Aterpean programarako
Dantza Hirian jaialdiaren barnean bi asteko egonaldi bana egingo dute taldeek
Dantza Hirian jaialdiaren barnean, Aterpean programa egingo dute aurten ere. Getxoko Organik eta Hendaiako Rouge Elea konpainiek izango dute hala, bi asteko egonaldi batez gozatzeko aukera; bi talde horiek aukeratu baitituzte lehiaketara aurkeztutako hamabost aukeren artean. Hala, Irrintzi eta Bleu proiektuak landuko dituzte konpainiek, ondoren, jaialdian estreinatzeko. Bi konpainiek 13 urteko ibilbidea dute.
Dantza Hirian irailaren 17tik 28ra izango da, eta bertan estreinatuko dituzte bi ikuskizunak. Donostian, irailaren 20an, eta Baionan, irailaren 26an. Hain zuzen ere, Donostia, Irun, Pasaia, Hendaia, Askain, Donibane Lohizune eta Baionatik igaroko da Dantza Hirian.
Egonaldiak honakoak izango dira: Rouge Elea Hendaiako Mendi Zolanen izango da, uztailaren 13tik 17ra; eta Egiako kultur etxean, abuztuaren 24tik 28ra. Organik, berriz, Errenteria-Oreretako Dantzagunean egongo da uztailaren 27tik 31ra; eta Miarritzeko CCN Malandain Balleten egoitzan, abuztuaren 24tik 28ra.