Bizilagunen artean egindako jai batzuk antolatzea beharrezkotzat jo zuten Grosen, duela 25 urte. Urtez urte, auzoko jaietako egitaraua osatzeko gero eta eragile gehiago ari dira lanean

Groseko jai batzordeko kide Maider Arriola eta Alex Martinez, aurtengo jaietako kartelarekin. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Abian dira Zipotz jaiak. Atzotik igandea bitartean, jarduera ugari izango dira Grosen, gustu eta adin guztientzako. Aurtengo festak bereziak izango dira, 25 urte bete baitira lehen aldiz antolatu zituztenetik. Jaien bilakaerari buruz hitz egiteko, Irutxuloko Hitza jai batzordeko kide Maider Arriola (Gros, 1991) eta Alex Martinezekin (Gros, 1981) elkartu da.
1990. hamarkadaren hasieran, Grosen jai bat baino gehiago zegoen, hainbat elkartek antolatutakoak, bakoitzak bere aldetik: Saninazioak, santiagoak, Sagueseko jaiak… «Momentu batean auzotar batzuk bildu ziren auzo elkarteko kide batzuekin, eta auzoko jai batzuk egon behar zutela pentsatu zuten, bizilagunen artean egindakoak. Ideia atera eta jaiak antolatu zituzten, eta urte berean San Tomas ospatzen ere hasi ziren auzoan», ekarri du gogora Martinezek.
Hirugarren urtean jarri zitzaien jaiei Zipotz izena. «1994an erabaki genuen jaietarako pertsonaia bat sortzea, gainontzeko jaiek izaten duten moduan. Auzoko historian arakatzen hasi ginen, eta Zipotz agertu zen. Groseko bizilagun bat zen, auzoko jai guztietan parte hartzen zuena eta antolaketan aritzen zena, eta denek ezagutzen zuten. Txantxilloren antzeko zerbait, baina beste formatu batean», azaldu du Martinezek.
Legami etorri zen ondoren, berdintasuna egon zedin ikurren kontuan ere. «Ulian bizi zen neska bat zen Legami, eta beti Zipotzekin ibiltzen zen», adierazi du Arriolak.
Aurtengo jaiak iazkoaren antzekoak izango dira, egitarauari dagokionez. Hori bai, badira zenbait berritasun, Martinezek aurreratutakoaren arabera: «Erraldoi berriak ditugu, sorgin bat eta aker bat. Zipotz eta Legamiren historiarekin lotuta dago kontua. Orain arte bi baserritar genituen».
Jaiak hiru gunetan banatzen dituzten: Katalunia plaza, Nafarroa Beherea eta Txofre. Lehenengoan kontzertuak egin ohi dituzte, rock eta reggae estilokoak. Bigarrenean barrakak jartzen dituzte. Txofren, berriz, familiei zuzendutako jarduerak indartu nahi dituzte aurten, erromeriekin.
Martinezen hitzetan, «azkenean jende gehien Katalunia plazako kontzertuek mugitzen dute. Eta azken urteetan, pintxo-potea dagoenez auzoan, eta sekulako giroa egoten denez, ostegunean jende asko biltzen da. Lehen osteguna egun lasaiena izaten zen, eta orain giro asko egoten da».
Igandea ere egun garrantzitsua da. «Euskal Jai eguna ospatzen dugu, eta egiten ditugu tortilla eta marmitako lehiaketak, artisau postuak daude, talogileak, herri kirolak… beti egoten da jende asko, eguraldi ona egiten badu. Agian, igandean jaisten da jende gehien etxetik», zehaztu du Arriolak.
Urtarriletik uztailera
Egitarau oparoa du Zipotz jaiak, hilabetetan egindako lanaren emaitza. «Guk urtea bi zatitan banatzen dugu, santomasak eta Zipotz jaiekin. Behin santomasak igarotzen direnean, urtarrila bukaeran hasten gara biltzen, uztaila amaiera arte. Lana bada, baina jendea badago, eta hainbat lan taldetan banatzen gara. Hilabetero egiten dugu bilera bat lan talde guztiekin, egitaraua eta guztia koordinatzeko», esplikatu du Arriolak.
Orokorrean, urtez urte egondako bilakaeraren arabera, jaiek auzotarren parte hartzea lortzen dutela esan daiteke. «Zipotz jaiek oso egitarau zabala dute, pixkanaka auzoko eragileak eta taldeak batzen joan direlako: Gazte Asanblada, Marruma elkartea, Casa Galicia, Urrats aisialdi taldea… Saguesen, adibidez, jarduera pila bat daude, Groseko Indarrak mugitu duelako. Azkenean, 10 edo 15 talde daude euren ekarpenekin, eta egitaraua zabaldu egiten dugu. Auzoa oso handia da, eta biztanle asko ditu. Oraindik jende gehiago animatzea falta da, baina Zipotz jaiak geroz eta inplikatze gehiago lortzen ari dira», erantsi du Martinezek.