Ricardo Burutaran, alkatea izendatzeko udalbatzarrean. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
EH Bilduk salatu du araudia betetzen ez duten hainbat apartamentu turistikoren itxiera altxatu duela EAJ eta PSE-EEren udal gobernuak, “legez kanpo” eta “udal teknikarien iritziaren kontra”. Ricardo Burutaran zinegotziaren hitzetan, “are gehiago, presioak egin zaizkie udal langileei itxiera altxa zezaten eta, era horretan, apartamentu turistikoek, Grupo Suquiarenek, irabazi asmoko beren jarduna aurrera eraman zezaten”. EH Bilduko kideak “oso larritzat” jo du EAJ eta PSE-EEren jokaera.
Burutaranek azaldu duenez, “zerbitzu teknikoei ixteko eta zigilatzeko erabaki bat altxatzeko agindua ematea oso larria da. Sekulako arduragabekeria da, Eneko Goia alkatea buru, udal gobernuak udaleko teknikariak politikoki presionatzea, irabazi asmoko jarduera bati segida emateko; jakinda hura ezin dela legeztatu eta txosten tekniko guztiak kontrakoak direla. Jokaera honek babesgabe utzi ditu gainerako jabeak. Eta jabe horiek ikusten ari dira nola udal gobernuak legeztatu ezin den jarduera bat baimentzen duela; alegia, interes partikular batzuk hobesten dituela, hirigintzari buruzko araudiaren gainetik, eta zenbait eragozpen jasatera derrigortzen dituela bizilagunak inongo beharrik gabe”.
EH Bilduko zinegotziaren ustez, “ulertezina da” jokaera hori: “Horregatik, erabakiaren atzetik interes politikoak ez ote dauden galdetzen diogu geure buruari. Dena dela, udal gobernuari gogorarazi nahi diogu higintzari buruzko araudia derrigor aplikatu behar zaiela herritar guztiei eta ezin dela, balizko interesen arabera, inongo salbuespenik egin».
Hau guztiagatik, EH Bilduk eskatu dio Eneko Goiari eta haren gobernuari lehenbailehen atzera egin dezatela erabaki horretan, “eta lehengo egoerara itzularaz ditzatela hirigintzari buruzko araudia eta auzotarren eskubideak”.