Jazzaldiaren barnean kontzertu berezi bat eskainiko dute bost musikarik, Trinitate plazan; tartean izango dira Iñaki Salvador eta Gonzalo Tejada donostiarrak

Gonzalo Tejada eta Iñaki Salvador, Viktoria Eugenian egin duten agerraldian. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Aspaldiko lagunak dira
Iñaki Salvador eta
Gonzalo Tejada musikari donostiarrak. Hainbatetan aritu dira elkarrekin eszenatokia elkarbanatzen, eta
50. Jazzaldian ere euren tartea izango dute. Hain zuzen ere, bihartik igandera iraungo du aurtengo jaialdiak, eta bi musikariek kontzertu bat baino gehiago eskainiko dituzte. Trinitate plazako eszenatokian arituko dira elkarrekin Salvador eta Tejada, ostiralean, 21:00etan. Bertan Euskal Herriko eta Poloniako musikariek bat egingo dute, honako boskotea osatuz: Andrzej Plenjniczak (saxofoia), Maciej Fortuna (tronpeta eta fiskornoa), Iñaki Salvador (pianoa), Gonzalo Tejada (kontrabaxua) eta Borja Barrueta (bateria). Kontzertu horretarako
sarrerak dagoeneko agortuak daude.
Bi herrialdeetako musikariak batzeak badu bere arrazoia. Izan ere, datorren urtean, Donostia eta Wroclaw izendatuko dituzte Europako kultur hiriburu. “Taldekide guztien errepertorioko abestiak eskainiko ditugu, baita Euskal Herriko eta Poloniako kantu ezagunak ere. Gure ideia da, kontzertuko materialarekin disko bat grabatzea, eta datorren urtean Polonian aurkeztea”, azaldu du Salvadorrek. Olejniczak eta Salvador aurretik elkarrekin aritutakoak dira. 1993an, Catch izeneko diskoa grabatu zuten elkarrekin, bien jatorrizko lanekin, eta iaz berriro batu ziren, Jazzaldian elkarrekin jotzeko.
Beste bi kontzertu
Bestetik, Salvador berak piano bikotea osatuko du Alexis Delgadorekin. Jazzean eta musika klasikoan bereizitako musikariak dira, hurrenez hurren. Hala, esperimentu moduan, euren pasioak uztartuko dituzte, Bach eta jazza. Viktoria Eugenia antzokian eskainiko dute kontzertu hori, Johann Sebastian Jazza izenburupean, igandean, 17:30ean.
Sarrerak 5 eurotan salgai daude.
Bere aldetik, Gonzalo Tejada, San Telmo Museoan arituko da, Gonzalo Tejada Quartet: Norma Jeane Baker taldearekin, larunbatean, 00:00etan. “Marilyn Monroeren abestien bertsioak entzuteaz gain, Marilyn bera ere ikusiko dute joaten direnek”, aipatu du Tejadak. Honakoek osatuko dute taldea: Gonzalo Tejada (kontrabaxua), Mikel Andueza (klarinetea eta saxofoia), Roger Mas (pianoa) eta Carlos Falanga (bateria).
Doako kontzertua izango da.