Jazzaldirako hamabi gomendio
Zaila izaten da Jazzaldiaren egitarau zabalean eta horrenbeste proposamenen artean aukeraketa egitea. Mikel Azpiroz musikari donostiarrak jaialdiaren 50. ekitaldiaren egitarauko zenbait kontzertu azpimarratu eta gomendatu dizkio Irutxuloko Hitzari. Halere, gomendioak gomendio, Jazzaldiaren agertoki irekietatik pasa eta musikaz bustitzera animatu ditu herritarrak.
The Cookers: Miles Davis, Sonny Rollins, Herbie Hancock, Roy Haynes edo Dizzy Gillespierekin jo zuen jendea da. Izen handiak dira jazzaren munduan. Billy Harper (saxo tenorra), Eddie Henderson (tronpeta), Donald Harrison (saxo altua), David Weiss (tronpeta), Danny Grissett (pianoa), Cecil McBee (baxua) eta Billy Hart (bateria) izango dira zuzenean.
(Uztailak 22, asteazkena, Frigo Gunea, 23:00, doan)
Gregory Porter: Jazz abeslarien artean ospe gehien lortzen ari den figuratako bat da Porter. Duela bi urte izan zen Jazzaldian, eta oraingoan doan ikusteko aukera izango dute musikazaleek. Soula eta jazza ederki fusionatzen ditu.
(Uztailak 23, osteguna, Agertoki Berdea, 24:30, doan)
Ray Gelato: Jazzaldian askotan izan da. Familia giroan gustura entzuteko kontzertua izango da. Swing jazza egiten du. Entzuteko oso musika erraza eta dibertigarria egiten du, eta beraz, adin eta gustu askotariko entzuleentzako kontzertu polita izan daiteke. 40ko eta 50eko hamarraldietako jazzeko showmen handien tradizioari eusten dio Gelatok.
(Uztailak 22, asteazkena, Heineken terraza, 23:00, doan / Uztailak 23, osteguna, Frigo gunea, 19:00, doan)
ZAZ: Zaz frantses abeslariak egundoko ospea du Frantzian eta handik kanpora. Bitxikeria gisa, Ipar Euskal Herrian egoitza zuen Izar-Adatz orkestran eman zituen Zazek lehen urratsak abeslari gisa, haiekin zaildu zen Frantziako hego-mendebaldeko herri-jaietan zehar.
(Uztailak 23, osteguna, Trinitate plaza, 21:00, 30 euro)
Zanmari Bare: Reunion uharteko musikaria da. Erritmo etnikoak ekarriko ditu. Ahots-harmoniekin eta erritmoekin egiten du jolas
(Uztailak 22, asteazkena, Coca Cola gunea, 19:00, doan / Uztailak 23, osteguna, San Telmo Museoa, 24:00, doan aretoa bete arte)
Benny Golson: Aurtengo Donostiako Jazzaldia Saria. 86 urterekin, bizirik mantentzen du bere soinu dotore hori eta gero eta nabarmenagoa da hark jazzaren historian hartu duen tokia. Ez da musikari asko geratzen jazzaren Olinpoko beste hainbat izenekin lan egin izanaz harrotu daitekeenik. 60ko hamarkadako jazzaren garaiko musikari garrantzitsuenetakoa da, The Jazztet banda enblematikoko kidea izan zen Art Farmer tronpeta-jotzailearekin batera. Benny Golsonen laukoteak uztailaren 24an joko du, 18:30ean, Kursaaleko Auditorioan.
(Uztailak 24, ostirala, Kursaal Auditorioa, 18:30, 18 euro)
The Bad Plus Joshua Redman: Egungo jazzaren ordezkari nagusienetakoa da Joshua Redman saxofoi jotzailea. Oso proposamen bitxia eskaintzen du. Jazz garaikidea egiten dute, eta artista guztiz desberdinen –Nirvana, Neil Young, Aphex Twin, Ornette Coleman…– bertsio irreberenteak interpretatzen dituzte. Jazzaleentzako emanaldi interesgarria.
(Uztailak 25, larunbata, Kursaal Auditorioa, 18:30, 18 euro)
Andrzej Olejniczak – Iñaki Salvador Quartet: Jamie Cullum-en aurretik joko dute Trinitate plazan. Euskal eta poloniar jazzlari nabarmenen arteko lankidetza erakargarria ikusiko dugu taula gainean. Bertako jazzaren izen nabarmenenak dira. Taldean egongo da baita ere Gonzalo Tejada, donostiar kontrabaxu-jotzailea.
(Uztailak 25, larunbata, Trinitate plaza, 21:00, 35 euro)
Jamie Cullum: Hiru formatu desberdinetan joko du Jazzaldian: DJ gisa, bakarka eta bandarekin. Publiko zabalago batera iristea lortu du, komertzialki izen handia du, eta bere emanaldiek asko dute ikusgarritasunetik.
(Uztailak 22, asteazkena, Agertoki Berdea, 20:30, doan / Uztailak 23, Kursaal Auditorioa, 18:30, 30 euro / Uztailak 25, larunbata, Trinitate plaza, 21:00, 35 euro)
Sly & Robbie meets Nils Petter Molvaer feat. Eivind Aarset, Vladislav Delay: Sly & Robbie legenda jamaikarrak ekarriko ditu proposamen honek. Bateria eta baxuarekin, sekzio erritmorik garrantzitsuenetakoa osatu dute. Legendak dio milaka disko grabatu dituztela jende askorentzako. Beti ibiltzen dira elkarrekin, eta bikote hau ikusteko aukera ona da. Duela bi urte etorri behar ziren banda batekin, baina kide bat gaixotu eta ezin izan zuten etorri. Orain beste proiektu batekin batekin datoz. Norvegiako Nils Petter Molvaer tronpetista eta Eivind Aarset gitarristarekin izango dira taula gainean.
(Uztailak 25, larunbata, Viktoria Eugenia Antzokia, 24:00, 20 euro)
Trinitate plaza: Gomendio gisa, eta udako giro honetan murgilduta, egun batez Trinitate plazako giroaz gozatzera animatzen zaituztet. Donostiak lor dezakeen girorik magikoena du Trinitate plazak, eta bertara joan behar da Jazzaldiaren arima sentitzeko.
Lee Fields & The Expressions: 70etako funk zaleen artean sortu zitzaizkion lehen jarraitzaile sutsuak. Sharon Jones abeslariarekin parekatu daiteke. Agertoki Berdeari agur esateko emanaldi dotorea izango da.
(Uztailak 25, larunbata, Agertoki Berdea, 24:30, doan)